Mundua -
Giza eskubideak
Guantanamoko espetxearen 20. urteurrenean, hura ixteko konpromisoa gogorarazi diote Bideni
"AEBk I-11ko erasoei erantzuteko egindako injustizia, gehiegikeria eta zuzenbide estatuaren mespretxuaren ikur iraunkorrena da Guantanamo", salatu du Human Rights Watchek.
agentziak | eitb media
Amnistia Internazionala (AI) gobernuz kanpoko erakundeak "konpromisoa bete" eta Guantanamoko espetxea ixteko eskatu dio Joe Biden AEBko presidenteari, "terrorismoaren aurkako gerra"ren baitan atxilotuak bertara eramaten hasi zirela 20 urte betetzear direnean.
"Biden presidenteak behingoz Guantanamo ixteko konpromisoa bete behar du. Presondegia erabiltzen jarraitzen duten heinean, are gehiago kaltetuko da AEBren sinesgarritasuna giza eskubideen arloan", azpimarratu du Daphne Eviatar AIren ordezkariak.
Erakundeak kritikatu du "iritsi beharko ez litzatekeen" urteurren batera iristear direla.
"Bushen gobernutik, segurtasun nazionaleko adituak eta alde guztietako politikariak bat etorri dira Guantanamoko espetxea (torturengatik eta atxilotze mugagabeengatik ezagun egin dena) ixtearekin", azaldu du Eviatarrek.
Human Rights Watchek (HRW), berriz, espetxearen kostu humanoa, morala eta ekonomikoa salatu du.
"AEBk I-11ko erasoei erantzuteko egindako injustizia, gehiegikeria eta zuzenbide estatuaren mespretxuaren ikur iraunkorrena da Guantanamo", adierazi du Letta Taylerrek, kartzelari buruzko txostenaren egileetako batek.
Testuan gogor jo dute AEBko gobernuen aurka, ez dutelako inoren aurrean azalpenik eman espetxe militarretan egindako atxiloketa sekretuengatik eta torturengatik. Guantanamon gaur egun 39 preso daudela gogorarazi dute, eta horietako 27ren kontrako inolako zigor kargurik ez dagoela azpimarratu.
Gobernuak konpromisoa berretsi du
AEBko Gobernuak berretsi egin du atxilotze zentroa ixteko borondatea: "Irmo eusten diogu Guantanamoko atxilotu kopurua murrizteko eta azkenean instalazioak ixteko konpromisoari".
Horixe adierazi du Ned Price Estatu Departamentuaren bozeramaileak, Joe Bidenek Kongresuari atxilotuak lekualdatzeko baimena eskatu eta astebetera.