Itxi

2022/01/15

11:11

Mundua

australia

Novak Djokovic atxilotu dute Australian, Gobernuak bisa bigarren aldiz baliogabetu ondoren

agentziak | eitb media

Australiako agintariek tenislari serbiarra atxilotu dute larunbat honetan, eta Melbourneko hotel batera eraman dute. Bertan egongo da atxikita, bihar epaileak haren deportazioaren inguruko erabakia hartu arte.

1:31
Djokovic atxilotu dute. EITB Mediaren bideo batetik ateratako argazkia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Australiako poliziak Novak Djokovic tenislari serbiarra atxilotu du larunbat honetan, Melbournen. Bertako gobernuak bisa bigarren aldiz baliogabetzea erabaki du, "osasun eta ordena" arrazoiak medio. Hala, munduko tenis jokalari onenak ezin izango du Australiako Irekian parte hartu.

CNNren arabera, Euskal Herriko gauerdia baino minutu batzuk lehenago atxilotu zuten Djokovic, alde biek hitzartutako leku batean. Djokovicek Australiako Auzitegi Federalean jarritako alegazioaren ondoren etorri da atxiloketa. Datozen orduetan, haren deportazioaren inguruko behin betiko erabakia kaleratuko du.

Herrialdea borondatez ez uzteagatik atxilotu dute Djokovic. Orain, abokatuekin bakarrik egon beharko da harremanetan, Auzitegi Federalarekin saioa izan arte.

Joan den astean Australian sartu ondoren sortutako polemikaren ostean iritsi dira arazoak. Herrialde ozeanikoak sarrera ukatu zion tenislariari, sarbiderako osasun baldintzak ez betetzeagatik. Koronabirusaren aurkako txertoa hartu gabe du, eta mediku-salbuespen batekin sartu zen Australian.

Serbiarrak helegitea aurkeztu zuen, baina Australiako Jusitizak bisa baliogabe utzi zion. Epaileak bihar zer erabakiko zain daude orain alde guztiak, eta ikusmin handia dago: hiru urtetan Australiara sartzeko debekua jaso dezake Djokovicek.

Kirolari ezagunak asteazkenean azaldu zuenez, Serbian ekitaldi batera joan ondoren jakin zuen koronabirusean positibo eman zuela. Edonola ere, hurrengo egunerako hitzartutako elkarrizketa batean ere izan zen.

Gainera, Djokovicek azaldu zuenez, bere taldearen "akats administratiboa" izan zen Australian sartzeko paperek azken 14 egunetan bidaiatu ez zuela adieraztea. Izan ere, Marbellan izana zen urte amaieran.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;