Mundua -

AUSTRALIA

Djokovicek alde egin du Australiatik, bisari buruzko auzia galdu ondoren

Auzitegi Federalak ez du ontzat eman bisa baliogabetzearen kontra Novak Djokovic tenislari serbiarrak jarritako helegitea, eta beraz, herrialdetik deportatu dute, Australiako Irekia jokatu gabe.

Novak Djokovic, autoaren barruan, atxilotu ondoren. Argazkia: EFE.
Novak Djokovic, autoaren barruan, atxilotu ondoren. Argazkia: EFE.
Novak Djokovic Australiatik kanporatu dute, bisari buruzko apelazioa galdu ondoren

1:11

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Askatu da korapiloa, oraingoz. Novac Djokovic tenislari serbiarra Australiatik kanporatu egin dute, Auzitegi Federalak ebatzi baitu bisa baliogabetzearen erabakia hartzeko eskumena bazuela Alex Hawke Inmigrazio ministro australiarrak eta, beraz, ez zuela legea urratu tenislariari bisa indargabetuta. Hemen 11:00ak zirenean hartu du hegaldia Tullamarineko aireportuan, Dubaira bidean, bere taldeko kideek lagunduta.

Urtarrilaren 6an, Australian sartzeko baimena ukatu zioten tenislariari Melbourneko aireportuan, koronabirusaren aurkako txertoa hartu gabe zegoelako. Hor abiatu zen gatazka. Ordutik, Australiako Gobernuak bi aldiz baliogabetu dio bisa, eta bi aldiz atxilotu, "herrialdearen osasun publikoarentzat arrisku bat" zela arrazoituta.

Erabakiarekin ados ez, eta bere azken helegitean Djokovicek argudiatu zuen Hawke ministroak ez duela eskumenik bisa ukatzeko. Auzitegi Federaleko epaileek ez dute ontzat eman argudio hori, eta aho batez ebatzi dute, bost orduz gaia lantzen egon eta gero, bisa baliogabe uzteko eskumena badagokiola bertako Inmigrazio saileko arduradunari.

Bihar, astelehena, da hastekoa Australiako Irekia, munduko tenis lehiaketa nagusienetakoa, eta, gaurko erabakiaren ondorioz, Djokovicek ezingo du parte hartu.

Ebazpenaren berri izan ondoren, komunikatu labur bat kaleratu du kirolari serbiarrak. "Oso atsekabetuta" dagoela, baina erabakia "errespetatu" egingo duela adierazi du. "Epaia errespetatzen dut eta dagozkion agintariekin lankidetzan arituko naiz, herrialdetik ateratzeko", adierazi du oharrrean.

Azken asteotan bera egotea albisteen erdigunean, eta ez lehiaketa, tamalgarritzat jo du. "Orain, hain maite dudan lehiaketa honetan kontzentratzea espero dut. Txapelketako jokalariei, ofizialei, langileei, boluntarioei eta zaleei onena opa nahi diet ", gaineratu du.

Azkenik, gatazka abiatu zenetik babesa erakutsiz alboan izan dituen "etxeko, lankide, jarraitzaile, fanatiko eta herrikide serbiarrei" eskerrak eman dizkie, "bere indargunea" izan direla esanez. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Tenis Eguneko albisteak Albisteak Australia Txertoak Koronabirusa Covid pasaportea Serbia gaur Novak Djokovic tenislaria