Mundua -
osasuna
Txerri baten bi giltzurrunak arrakastaz trasplantatu dizkiote garun-heriotza egoeran zegoen pertsona bati
Azken hilabeteotan egin duten hirugarren xenotrasplantea da. Duela gutxi, kirurgia "historikoa" egin zuten gizon bati txerri baten bihotza jarrita, eta irailean txerri baten giltzurruna transplantatu zuten.
agentziak | EITB Media
Ameriketako Estatu Batuetako ikertzaile talde batek arrakastaz transplantatu dizkio genetikoki modifikatutako bi txerri-giltzurrun garun-heriotza egoeran zegoen pertsona bati.
Entsegu kliniko fasean dagoen xenotrasplante honen arduradunak Heersink Medikuntza Fakultateko ikertzaileak dira, AEBko Birminghameko Alabamako Unibertsitatekoak.
Animalien organoak gizakiei transplantatzeko aukera 90eko hamarkadatik ikertu dute, eta orain ari dira lehen arrakastak jasotzen. Azken transplante hori azken hilabeteotan egin duten hirugarrena da, eta esperimentua 74 ordu geroago eman zuten bukatutzat.
Urtarrilaren 11n, genetikoki modifikatutako txerri-bihotz bat 57 urteko gizon bati transplantatzea lortu zuten, "historiko" gisa deskribatutako kirurgia eginda. Gizon horrek bizirik ateratzeko zuen aukera bakarra zen, hainbat ospitalek ohiko transplante bat egiteko aukera baztertu baitzuten gaixoaren osasun egoera aztertuta.
Bestalde, 2021eko irailean aurrekaria ezarri zuten txerri-giltzurrunak gizakiei transplantatzeko ikerketetan. Kirurgia hura, ordea, giltzurrun bakarrarekin egin zuten.
Oraingoan, berriz, txerri baten bi giltzurrunak transplantatu dizkiote pertsona bati, eta lehen aldiz deskribatu dute kirurgia publikazio zientifiko batean. Horren arduradunen arabera, aurrerapausoa ekarriko du "organo hornikuntzak behar izugarria asetuko duen etorkizun baterantz".