Mundua -

Wikileaks

AEBera estraditatzearen aurkako borroka legalarekin jarraitu ahal izango du Assangek

Londresko Auzitegi Nagusiak baimena eman dio kazetariari hurrengo 14 egunetan bere estradizioaren aurkako errekurtsoa aurkezteko Auzitegi Gorenean, eta hark erabaki beharko du bere kasua onartzen duen ala ez.

Julian Assange. Artxiboko irudia: EFE
Julian Assange. Artxiboko irudia: EFE
Julian Assange. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Julian Assangek, WikiLeaksen sortzaileak, Ameriketako Estatu Batuetara estraditatzearen aurka borrokatzen jarraitzeko aukera ematen dion legezko garaipen bat jaso du Erresuma Batuan. AEBk 18 espioitza delitu eta intrusio informatikoa egozten dizkio Assangi eta, ondorioz, 175 urteko espetxe zigorra ezarri nahi diote bertan, defentsak azaldu duenez.

Londresko Auzitegi Nagusiak baimena eman dio Assangeri bere estradizioaren aurkako helegitea aurkezteko hurrengo 14 egunetan, Erresuma Batuko instantzia judizial gorena den Auzitegi Gorenean; hark erabaki beharko du bere kasua onartzen duen ala ez.

Abenduaren 10ean, Ian Burnett eta Tim Holroyde epaileek aktibista australiarraren estradizioa baimendu zuten, AEBren helegite bat ontzat eman baitzuten apelazio prozesu batean. Hala ere, orain, beren epaian aitortu dute defentsak planteatutako alderdi legal bat egon daitekeela Auzitegi Gorenak aztertzea merezi dezakeena.

Erabakia, Auzitegi Gorenaren esku

Helegitea onartuz gero, Gorenak aztertu beharko luke ea onargarria den Washingtonek joan den urrian aurkeztu izana Assangek AEBn jasoko duen tratamenduari buruzko bermeak, eta ez 2021eko urtarrilean lehen auzialdiko hasierako epaiketan.

Gaurko irizpenaren arabera, epaileek uste dute Assangeren errekurtsoa ukatu egin beharko litzatekeela, baina Auzitegi Gorenak ez duenez inoiz lege-puntu zehatz horri buruzko erabakirik hartu, haren esku utzi dute hori aztertu nahi duen ala ez erabakitzea.

Joan den abenduaren 10ean, Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion Washingtoni, eta Vanessa Baraitser epailearen urtarrileko epaiaren kontrako helegitea onartu zuen. Azken horrek WikiLeaksen sortzailearen estradizioa ukatu zuen, bere buruaz beste egiteko arriskua zuela iritzita.

Burnettek eta Holroydek une horretan adierazi zuten, beren irizpena eman aurretik, Baraitserrek bere asmoen berri eman behar ziola AEBko Justiziari, orduan ere bermeak aurkez zitzan akusatuari aplikatuko zitzaion espetxe-erregimenari buruz, bere osasunerako arriskuak gutxitzeko.

Epaileek gaineratu zuten, nolanahi ere, Apelazio Auzitegian gerora aurkeztutako bermeak "nahikoak" zirela eta, beraz, kazetaria entregatzeko baimena ematen zutela.

Urriaren 27ko eta 28ko epaiketan, James Lewis fiskalak, AEBeko ordezkari gisa, bermatu zuen, estraditatzen badute, Assangeri ez diotela "administrazio-neurri berezirik ezarriko", hala nola bisitak edo korrespondentzia betatuta izatea, eta ez dela Coloradoko ADX Florence segurtasun handiko kartzelan sartuko.

Gainera, Washingtonek konpromisoa hartu zuen, bere zaintzapean dagoen bitartean, kazetariak tratamendu psikologiko egokia jasoko lukeela eta, kondenatuz gero, bere jaioterrian, Australian, bete ahal izango lukeela zigorra.

Prozesuak Gorenean jarraitzen badu, orduan alegatutakoa frogatzen saiatuko da defentsa: berme horiek berandu aurkeztu zirela eta ez direla behar bezain sendoak.

Amerikako Estatu Batuak Assangeren atzetik dabil; honek hamarkada bat baino gehiago darama Ingalaterran konfinatuta, nahiz eta ez duten inolako delitugatik kondenatu, WikiLeaks atariaren argitalpenengatik. WikiLeaksek 2010ean eta 2011n AEBk Guantanamoko (Kuba) atxilotze-zentroan egindako abusuak zabaldu zituen, baita Iraken eta Afganistanen ustez egindako gerra krimenak ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Auzitegi Gorena Eguneko albisteak Albisteak Londres