Mundua -

Tentsio militarra

Bidenek tropa gehiago bidaliko ditu Europako ekialdera, konkretuki 3.000 soldadu gehiago

Poloniara eta Alemaniara 2.000 soldadu inguru joango direla baieztatu du John Kirby Defentsa Departamentuko bozeramaileak komunikabideen aurrean. Beste mila bat Errumaniara bidaliko dituzte.

EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Ukrainatik hurbil dauden milaka soldadu errusiarrak arrisku argia direla uste du Frantziako Atzerri ministroak

1:12

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Europako ekialdera soldadu gehiago bidaltzea onartu du, Errusiaren aurrean aliatuak babesteko keinu argi batean. Moskuk 100.000 soldadu baino gehiago zabaldu ditu Ukrainako mugetan.

2.000 soldadu inguru Poloniara eta Alemaniara joango direla baieztatu du John Kirby Defentsa Departamentuko bozeramaileak komunikabideen aurrean. Beste mila bat Errumaniara bidaliko dituzte.

Besteak beste, CNN eta The Washington Post komunikabideek aipatutako AEBko Gobernuko iturrien arabera, soldaduak "datozen egunetan" birkokatuko dituzte.

Aliantzak azkar zabaltzea beharko balu, AEBk 8.500 soldadu aurreabisuan jarriak zituen dagoeneko. Hala ere, oraingoz guztia aldebiko akordioen bidez egingo dute, Kirbyk azaldu duenez.

Pentagonoko bozeramaileak azpimarratu duenez, "soldaduek ez dute Ukrainan borroka egingo". Aldi baterako mugimendu ez iraunkorrak izango direla erantsi du. Beraz, Europako ekialdean, egoeraren bilakaera aztertuko dute erabakiak hartzeko garaian.

Bestalde, Mariusz Blaszczak Poloniako Defentsa ministroak AEBen "elkartasun keinu indartsua" eskertu du. Horretarako, Lloyd Austin AEBko homologoarekin telefonoz hitz egin zuen iragan astean.

"Edozein erasoren aurka gaude", nabarmendu du Blaszczakek Twitter sare sozialean. Poloniak 1.700 soldadu estatubatuar hartuko dituela zehaztu du Defentsa ministroak.

Europako lurraldean AEBen esku hartze militarra behin eta berriro kritikatu du Moskuk, mehatxu gisa ulertzen duelako. Era berean, NATOri Europako ekialdean zabaltzeari uzteko eskatu dio.

Horrela, Errusiak AEBen erabakia berriro gaitzetsi du gaur. "Pauso suntsitzaileak dira, justifikaziorik gabeak erabat, tentsio militarra indartu eta erabaki politikoentzako lekurik uzten ez dutelako", adierazi du Alexandr Grushko Errusiako Atzerri ministrordeak Interfax albiste-agentzian.

Grushkoren hitzetan, pausoak Ukrainako agintariak poztuko ditu soilik; izan ere, "Minskeko Akordioak boikotatzen jarraitu ahal izango dute batere kosturik jasan gabe".

NATOk, aldiz, Bidenen erabakia txalotu du, Washingtonen konpromiso "keinu indartsua" delako. "Alemania, Polonia eta Errumanian soldadu gehiago zabaltzeko erabakiari ongietorria egin nahi diot, NATOren disuasio eta defentsa kolektiboa sendotzen duelako", esan du Jens Stoltenberg Aliantzako idazkari nagusiak ohar batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Europa Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Joe Biden Errusia-Ukraina gerra