Mundua -
UKRAINA
Macronek banaka hitz egin du Putinekin eta Zelenskirekin Ukrainako krisiari buruz
Bide diplomatikoari eusten dio Frantziako presidenteak eta Errusiako eta Ukrainako presidenteekin telefonoz hitz egin du Ukrainako tentsioa baretzeko asmoz.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak banaka hitz egin du bart Errusiako eta Ukrainako presidenteekin, Vladimir Putinekin eta Volodimir Zelenskirekin, Ukrainako tentsioa baretzeko asmoz zabaldutako bide diplomatikoaren baitan.
Bi gai nagusi izan dituzte hizpide. Batetik, Normandiako Laukotea osatzen duten Errusia, Ukraina, Frantzia eta Alemania herrialdeen azken bilerak emandakoa. Bestetik, "Europan oreka estrategikoa" lortzeko eztabaida bat abiarazi dute, arriskuak murrizteko eta kontinentearen segurtasuna bermatzeko helburuarekin.
Ukrainako agintariak Twitterren argitaratu duenez, "pauso bateratu gehiago" ematea adostu dute "Ukrainaren egonkortasuna mantentzeko eta finantza eta ekonomia lankidetza hobetzeko".
Errusiak, bere aldetik, "egiazko elkarrizketa" izan dela adierazi du, "epe luzerako legezko bermeak garatzeko eta Errusiaren segurtasuna bermatzeko". Gaineratu duenez, egungo egoerari buruzko iritziak ere trukatu dituzte.
Bestalde, Ukrainako Armadak zabaldutako informazioaren arabera, oraingoz ez du operazio militarrik egiteko asmorik Donetsk eta Luhansk aldean eta Krimeako Penintsulan.