Mundua -

Enplegua

Belgikan lau eguneko lan-astea ezarriko dute

Belgikako Gobernuaren lan-erreforma berriarekin, beharginek bost eguneko lanaldia lau egunetara murrizteko eta ordutegia egokitzeko aukera izango dute.

Langile bat ibilgailuak ekoitzeko fabrika batean. Artxiboko argazkia: EFE
Langile bat ibilgailuak ekoitzeko fabrika batean. Artxiboko argazkia: EFE
Langile bat ibilgailuak ekoitzeko fabrika batean. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Belgikako Gobernuak lan-erreforma berria onartu ostean, beharginek lau eguneko lan-astea egiteko eta ordutegia moldatzeko aukera izango dute, astean bete beharreko ordu kopurua murriztuko ez badiete ere.  

Neurri horren bidez, 2030erako enplegu-tasa % 71tik % 80ra igoko dela aurreikusi du Gobernuak.

Araudi berriaren arabera, langileek bost lanegunetako lan-orduak lau egunetan egiteko aukera izango dute. Egunean gehienez 9,5 ordu sartu ahalko dituzte, eta muga hori 10 ordukoa izan ahalko da, enpresak eta sindikatuek hala adostuz gero.

Halaber, beharginek aukera izango dute aste batean ordu gehiago sartzeko eta ordu horiek hurrengo astean libratzeko.

Langileak eskatu beharko dio zuzendaritzari lau eguneko lan-astea egiteko aukera baliatu nahi duela edo aste batean ordu gehiago sartu nahi dituela, hurrengoan gutxiago egiteko.

Horrez gain, ordutegi ezberdinak dituzten langileei gutxienez zazpi eguneko aurrerapenarekin jakinarazi beharko zaie plangintza.

Bestalde, 20 behargin baino gehiago dauden lantokietan, langileek deskonexiorako eskubidea izango dute, eta, ondorioz, 23:00ak eta 05:00ak bitartean ez dute telefono-deirik edo posta elektronikorik erantzun beharko.

Posible al da Euskal Herrian lau eguneko lan-astea ezartzea?
Posible al da Euskal Herrian lau eguneko lan-astea ezartzea?
Posible al da Euskal Herrian lau eguneko lan-astea ezartzea?

1:10

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europako herrialdei buruzko albisteak Lana Belgika Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak