Mundua -

Tentsioa Ukrainan

Errusiak iragarri du maniobra militarrak egingo dituela, eta Putin egongo dela bertan

Ariketa horietan "misilak" jaurtiko omen dituzte, "disuasio" estrategia baten baitan. Donbassen su-etenaren urraketa gehiago izan dira.

Errusiako Armadaren maniobrak. Argazkia: Efe
Errusiako Armadaren maniobrak. Argazkia: Efe
Errusiako armadak misil balistikoekin eta kruzero-misilekin egingo dituen ariketak zuzenduko ditu Putinek

1:16

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiako Armadak maniobrak egingo ditu larunbat honetan. Aurrez prestatutakoak omen dira, eta Vladimir Putin presidenteak parte hartuko du, Defentsa Ministerioak jakitera eman duenez.

Ariketa horietan "misilak" jaurtiko omen dituzte, "disuasio" estrategia baten baitan. Maniobrak "aurrez antolatuak" izan dira, egiaztapenak egiteko, tartean "arma estrategiko nuklearrak eta arruntak".

Defentsa Ministerioak azaldu du iparraldeko eta itsaso Beltzeko armadak ere parte hartuko duela.

Dimitri Peskov bozeramaileak berretsi du "erregulartasunez" egiten ari direla maniobrak, eta "entrenamendu prozesuaren parte" direla.

Ariketa horiek herrialde ugariri jakinarazten zaizkie, eta "ez dute errezelorik eragiten", Sputnik agentziak Defentsa Ministerioko iturriak aipatuta jakinarazi duenez.

Su-etenaren urraketak Donbassen

Ukrainako Armadak eta Donbassen zati bat kontrolatzen duten milizia errusiazaleek salatu dute azken orduetan su-etenaren urraketa andana izan dela, eta nazioartea kezkatzen hasia da liskarren gorakadarengatik.

Ukrainako Armadaren arabera, ostegunean adostutakoaren aurkako 60 gertakari izan ziren.

Bestalde, milizia errusiazaleek militar ukrainarrei egotzi diete Lugansken erasoak egin dituztela zibilak bizi diren eremu batean, Sputnik agentzia errusiarrak zabaldu duenez.

Luganskeko administrazioak, berriz, "arma pisutsuak" erabiltzea leporatu dio Ukrainari.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra