Mundua -
Utoyako sarraskia
Breivik, Norvegiako historian ikusmin handiena piztu duen epaiketan
Anders Behring Breivik ultraeskuindarraren aurkako epaiketa hasiko da joan den uztailaren 22an Oslon eta Utoya uhartean izandako atentatuengatik. Sarraskian 77 lagun hil ziren.
Erredakzioa
Anders Behring Breivik ultraeskuindarrak joan den uztailaren 22an Oslon eta Utoya uhartean izandako atentatuak egin izana aitortu zuen. 77 lagun hil ziren sarraskian eta astelehenetik aurrera, hamar aste iraungo dituen epaiketa hasiko da. Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik, Norvegiako historian izan den epaiketarik handiena izango da.
Polemikaz inguraturik hasiko da, izan ere, akusatuaren buruko egoeraren inguruan eztabaida piztu da.
Breivikek ez du inoiz ukatu atentatuaren egilea izan dela, baina helburua, laguntza izan zuen ala ez argitzea da. Hala ere, dagoeneko ideia hori baztertu egin dute, ustez Tenplarioen ordena gidatzen zuela asmakuntza izan zela berretsi baitute.
Epaiketan soilik akusazioaren irakurketa, bi aldeen hasierako azalpenak eta ondorioak grabatu ahal izango dira.
Biktimekiko errespetu gisa, ezingo da Breiviken irudirik argitaratu. Mila lagun inguru joango dira epaitegira eta lekukoen zerrendan 150 lagun baino gehiago daude. Utoyako sarraskitik bizirik atera zirenak ere deklaratuko dute eta Breivikek, asteartean deklaratuko du.
Txosten kontraesankorrak
Psikiatren bi talde ezberdinek egin dizkiote txostenak eta emaitzak kontraesankorrak dira. Lehenak, buruko gaixotasuna duela ondorioztatu du. Bigarrenak, ordea, buruko arazoren bat duela esan arren, egiten ari zenaren kontziente zela dio.
Defentsak, Breivikek berak nahi duen bezala, sarraskiaren arduraduna dela defendatuko du, baina askatasuna eskatuko du ultraeskuindarrak botere politikoaren aurrean "defentsa legitimoan" jokatzen zuela argudiatuz, "Norvegiaren suntsiketaren aurrean".
Auzitegiak buruko gaixotasun bat duela ondorioztatzen badu, psikiatriko batean sartuko lukete.