Mundua -
Kolonbian
Ameriketako Goi-Bilera adostutako adierazpenik gabe bukatu da
Goi-Bilerak zabaldutako hiru agirietan ez diete datozen bileretan Kubaren partehartzeari edo Falkland uharteen gaineko Argentinaren aldarrikapenari aipamenik egin.
Erredakzioa
Ameriketako VI. Goi-Bilera adostasunik gabe amaitu da igande honetan eta ondorioz, ez dute herrialde guztien artean adostutako adierazpenik zabaldu. Hala ere, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentearen esanetan, goi-bilerak "ez du porrot egin", argitu duenez, "zenbait gaiei buruz hainbat konpromiso eta hiru agiri hitzartzea lortu delako".
Falkland uharteen subiranotasunaren inguruan eta Kubaren gaian ere Latinoamerikak eta AEBk dituzten iritzi kontrajarriak nagusitu dira asteburu honetan Kolonbian izandako Goi-Bilera honetan.
Bileran adostutakoaren arabera, narkotrafikoaren aurka borroka egiten duen OEA erakundeari are eraginkorragoa izateko planteamendu berriak egiteko eskatuko diote.
Hala ere, Goi-Bilerak zabaldutako hiru agirietan ez diete datozen bileretan Kubaren partehartzeari edo Falkland uharteen gaineko Argentinaren aldarrikapenari aipamenik egin. Santosen iritzian, Kolonbiakoa "eztabaidaren eta zintzotasunaren Goi-Bilera" izan da eta ez da "debekatutako gairik" izan.