Mundua -
Egipto
Epaiketa hasi da Port Said hiriko zelaian gertatu zen sarraskiagatik
Joan den otsailean, 74 lagun hil ziren istiluengatik epaiketa hasi da Kairoko Auzitegian. Akusatuen artean Port Saideko Poliziaren goi karguak ere badaude.
Erredakzioa
Port Said hiriko zelaian gertatu zen sarraskiagatik akusatuta dauden 75 egiptoarren aurkako epaiketa hasi da Kairoko Auzitegi batean. 74 lagun hil ziren bi futbol taldeen jarraitzaileen arteko istiluetan, zehazki Kairoko Al Ahli taldearen eta Port Said hiriko Al Masri taldearen arteko norgehiagokan.
Segurtasun neurri handiekin hasi da epaiketa Kairo kanpoaldean eta bertara, akusatuak, biktimen senitartekoak eta abokatuak iritsi dira.
Fiskaltzak akusazioak irakurri ditu epaiketan, besteak beste, aldez aurretik pentsatutako erailketa, armak izatea eta ondasun publiko eta pribatuak haustea.
Akusatuen artean Port Saideko Poliziaren goi karguak ere badaude, baita Al Masry taldeko arduradunak ere, eta Fiskaltzaren abokatu batek esan duenez, Al Ahly taldeko jarraitzaileei arma zuriekin eraso egin zieten euren indarra erakusteko.
Akusatuetako batzuei, zelaiko argiak itzaltzea egozten diete, beste batzuk eraso egitea ahalbidetzeko, Fiskaltzaren arabera.
Epaiketa eten dute
Epaiketa bertan behera utzi dute 15 minutuz akusatuak garrasika hasi direnean. Egozten dizkieten delituak egin izana ukatu dute eta zelaiko segurtasunaz arduratzen diren poliziei bota diete errua.