Mundua -

Ukrainako gerra

Errefuxiatu ukrainarrei babesa emateko tresna martxan jartzea adostu du EBk

Ukrainan bizi ziren errefuxiatu guztientzako, ukrainarrak edo herrialdean bizi diren etorkinak izan, babes automatiko eta berdina proposatu zuen komisarioak, baina Barne ministroek aldaketak sartu dituzte. Horrela, araudiak tratu ezberdina emango die ukrainarrak ez direnei.

Ukrainako neska-mutilak, Poloniako tren batean. Argazkia: EFE
Ukrainako neska-mutilak, Poloniako tren batean.
Ukrainako neska-mutilak, Poloniako tren batean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako errefuxiatuei soilik aldi baterako babesa automatikoki emateko mekanismoa martxan jartzeko akordio politikoa lortu dute Europar Batasuneko Barne ministroek. Horrela, EBn askatasunez bidaiatzeko eskubidea izango dute, baita edozein estatu kidetan bizi, lana bilatu eta arreta medikoa jasotzeko ere.

"Akordio historikoa Barne ministroen bileran: Europar Batasunak aldi baterako babesa emango die Ukrainako gerratik ihesi datozen herritarrei. EB baturik dago eta solidarioa da", iragarri du Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak sare sozialetan.

Era berean, Ylva Johansson Barne komisarioak akordioa ospatu du Twitterren, Darmaninen hitzak errepikatuz, baina akordioaren edukia zehaztu gabe.

Ukrainan bizi ziren errefuxiatu guztientzako, ukrainarrak edo herrialdean bizi diren etorkinak izan, babes automatiko eta berdina proposatu zuen Johanssonek, baina Barne ministroek aldaketak sartu dituzte ostegun honetako negoziazioetan. Horrela, araudiak tratu ezberdina emango die ukrainarrak ez direnei, EBko iturriek jakitera eman dutenez.

Horrela, ukrainarrentzat eta dagoeneko nazioartearen babesa zuten errefuxiatu herrigabeentzat aldi baterako babesa automatikoa izango da EB osoan, iturriek azaldu dutenez. Urtebetez izango da indarrean, gehienez hiru urtez luzatzeko aukerarekin.

Epe luzeko bizilagunak, ostera, babes automatikotik at geratuko dira, eta estatu kide bakoitzak erabakiko du estatusa eman ala ez.

Bestalde, Ukrainan bost urte baino gutxiago daramaten migratzaileek Europar Batasuna zeharkatzeko baimena izango dute, baina bidean estatu kideek deportatzeko aukera izango dute, modu "seguruan eta iraunkorrean" baldin bada.

Migratzailea modu seguruan itzultzeko aukerarik ez baldin badago, EBn jarraitu ahal izateko estatusa eman beharko diote, nazioarteko asiloa edo babesa eskainiz.

EBren arabera, gerraren sei egunotan 650.000 pertsona heldu dira Ukrainatik, baina "milioika" izan daitezkeela ohartarazi du, gatazka luzatuz gero. 

Zein babes mota jasoko dute?

Berez, Ukrainatik EBra joandako pertsonek ez dute bisarik behar, baina baimen hori 90 egunez bakarrik dute. Tresna horri esker, epe luzeagoan edukiko lukete babesa, eta libreki mugitzeko eskubidea izango lukete, baita lan egiteko ere (turista bezala bidaiatzen badute ez dute halako eskubiderik).

Helburua da lehen lerroan dauden herrialdeen (Polonia edo Hungaria) asilo sistemak ez kolapsatzea eta ihesean dabiltzan ukrainarrak helmuga dituzten beste EBko herrialdeetara heltzeko bidea erraztea. Izan ere, errefuxiatu askok familia dute Europako beste herrialde batzuetan eta Krimeako gatazka egon zenean ere jomuga izan zituzten (Espainia, Alemania edo Txekiar Errepublika, besteak beste).

Babes tresna hori martxan jartzea errefuxiatu estatuaren eskaerarekin baliokidea da. Izan ere, bigarren horrek berme gehiago ematen ditu, baina prozesua asko luza daitekeela aurreikusi dute, harrera sistemak "gainezka" daudela eta.

Zenbat denboraz egongo da babes hori?

Gutxienez urtebetez egongo da indarrean babes sistema. Gainera, sei hilabeteko bi luzapen automatiko ere aurreikusten dira, baita beste urtebetez luzatzea ere. Gehienez jota, hiru urtez egon liteke martxan tresna.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Migrazioa Ukraina Europa Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errefuxiatuak Giza eskubideak Errusia-Ukraina gerra