Mundua -

Ukrainako gerra

Putinek ziurtatu duenez, aldeen arteko hirugarren negoziazio bilera asteburu honetan egingo dute

Errusiako ordezkaritza elkarrizketetan arrakasta izateko baldintzak "pixkanaka murrizten" ari dela jakinarazi du Ukrainako Gobernuak.

Vladimir Putin Errusiako presidentea. Argazkia: EFE
Vladimir Putin Errusiako presidentea. Argazkia: EFE
Vladimir Putin Errusiako presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vladimir Putin Errusiako presidenteak Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrari ostiral honetan jakitera eman dionez, Errusiaren eta Ukrainaren arteko hirugarren negoziazio bilera asteburuan egingo dute. Bi aldeek jakinarazi diote, "laster" berriz hitz egitea adostu baitzuten.

Elkarrizketan, bi buruzagiek ikuspuntu ezberdinak partekatu dituztela azaldu du Alemaniako Gobernuak agiri batean. Hartu-emanak ordubeteko iraupena izan du.

Ukrainako egoeraren aurrean "kezka sakona" agertu du Scholzek. Azken egunetan herrialdetik heltzen ari diren irudiak eta informazioak aipatu ditu Alemaniako kantzilerrak.

Zentzu horretan, borrokaldiak "berehala uzteko" eskatu die Errusiako buruzagiei, laguntza humanitarioa iristea ahalbidetzeko.

Errusiako eta Ukrainako ordezkaritzak ostegunean, Bielorrusian, bigarren aldiz batzartu ziren erasoa hasi zenetik. Bi aldeek korridore humanitarioak zabaltzea adostu zuten, elikagaiak eta botikak igarotzea ahalbidetzeko.

Ukrainako ordezkaritzaren ahotan, Mosku baldintza gutxiago jartzen ari da

Errusiako ordezkaritza elkarrizketetan arrakasta izateko baldintzak "pixkanaka murrizten" ari dela jakinarazi du Ukrainako Gobernuak.

Oraingoz, Errusiako Gobernuak herrialdea "desnazifikatzeko" eskaerak alde batera utzi dituela ematen du; izan ere, Ukrainako Gobernuan "osagai nazien" presentzia salatu zuen Moskuk. Eskakizun egiaztagarriagoak dira orain, Oleksiy Arestovich Ukrainako Presidentearen Bulegoko aholkulari buruak esan duenez.

Arestovich: "Desnazifikazioaz hitz egiteari utzi diote"

Zentzu horretan, NATOn ez integratzeko bermeak eskatzen hasi zaizkio Errusiak Ukrainari, eta, batez ere, herrialdean arma sistema zehatzak ez zabaltzeko bermeak, Arestovichek gaineratu duenez.

"Desnazifikazioaz hitz egiteari utzi diote, estatusari heltzeko, baina ez dute asko sakondu. Ukrainan erasorako arma mota zehatzak ez zabaltzeko prebentzioaren inguruan mintzatu dira", azaldu du aholkulariak.

Aholkulariaren ahotan, eskaeretan atzera egiten ari dira, Errusiako Federazioa "bere helburu politikoak bide militarretik lortzea posible ez dela ulertzen hasi delako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra