Mundua -
Ukrainako gerra
Ukrainak, Moldaviak eta Georgiak bat egiteko prozesua martxan jartzea adostu du EBk
Zentzu horretan, 27 estatu kideek Europako Batzordeari lehen pausoa emateko eskatu diote. Ukrainari, Moldaviari eta Georgiari hautagai estatusa eman ala ez erabakitzeko txostena egitea eskatu diote Batzordeari, hain zuzen ere.
Agentziak | EiTB Media
Etorkizunean, Ukrainak, Moldaviak eta Georgiak Europar Batasuneko kide bihurtu ahal izateko prozesua martxan jartzea adostu dute EBko estatu kideek, iragan astean hiru herrialde horiek Bruselari eskaera egin ondoren.
Batasuneko presidentetza frantziarrak Twitter sare sozialean jakitera eman duenez, 27 estatu kideek Europako Batzordeari lehen pausoa emateko eskatu diote. Ukrainari, Moldaviari eta Georgiari hautagai estatusa eman ala ez erabakitzeko txostena egitea eskatu diote Batzordeari, hain zuzen ere.Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak EBn sartzeko eskakizuna iragan astean sinatu zuen, Errusiak otsailaren 24an inbasioa abiatu ostean.
Moldaviak eta Georgiak gauza bera egin zuten segidan, Moskuren beldur.
Kievek, Chisinauk eta Tblisik EBn sartzeko irizpideak betetzen dituzten ala ez aztertzeko Batzordeak txostena egin behar du orain. Besteak beste, Batasunaren oinarrizko balioen errespetua, demokrazia bermatzeko erakunde egonkorren eta merkatu ekonomiaren existentzia dira baldintzak.
Bruselak balorazioa amaitutakoan, EBko estatu kideek aho batez onartu beharko dute, eta orduan bakarrik hasiko lirateke bat-egite negoziazioak.
Egun, Turkia, Serbia eta Montenegro Bruselarekin negoziatzen ari dira EBn sartzeko, eta Albaniak eta Ipar Mazedoniak hautagai estatusa lortu dute.