Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Hasi da Errusia eta Ukrainaren arteko bilera Turkian, interes kontrajarriekin

Ukrainak aste honetan iradoki du prest legokeela neutraltasun estatus bat negoziatzeko eta NATOn sartzeari uko egiteko, baina ez du onartuko Ukrainako zati bat Errusiaren menpe geratzea.

Errusia eta Ukrainaren arteko hirugarren bileraren irudia. Artxiboko argazkia: Efe
Errusia eta Ukrainaren arteko hirugarren bileraren irudia. Artxiboko argazkia: Efe
Lavrov eta Kuleba Turkian bilduta daude

1:07

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiako eta Ukrainako agintariek baieztatu dutenez, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak eta Dmytro Kuleba Ukrainakoak hasi dute dagoeneko Turkian gaur egitekoak ziren bilera. Gatazkari irtenbide bat bilatzeko asmoz batzartu dira, interes oso kontrajarriekin, baina.

Bi ministroak atzo gauean iritsi ziren Beleko bainuetxera, Antalyan. Gaur, goizeko lehen orduan, Mevlut Cavusoglu Turkiako Kanpo Arazoetako ministroa bi herrialdeetako ordezkaritzekin bildu da, Twitter kontuaren bidez jakinarazi duenez.

Ikusmira politiko eta mediatiko izugarria piztu du 11:00etan (09:00ak Euskal Herrian) hasi duten batzarrak. 

Errusiako eta Ukrainako ordezkarien arteko laugarren bilera izango da, baina orain arte bi aldeek ez dute maila horretako ordezkaririk bidali balizko su-eten bati buruzko aukerak aztertzeko. Gaurko honetan, Mevlut Cavusoglu Turkiako Kanpo Arazoetako ministroa izango dute anfitrioi. 

Zer nahi du Errusiak?: Aurreikuspenak betez gero, Errusiak ez du etsiko erasoaldiari amaiera emateko jarritako eskakizunei dagokienez. Besteak beste, Ukrainaren neutraltasuna eta desmilitarizazioa eskatu du, baita Krimeako penintsulan Errusiaren burujabetza aitortzea eta Donetsk eta Luhansk errepublikei independentzia ematea ere.

Zer eskatzen du Ukrainak?: Horren aurrean, Ukrainak aste honetan iradoki du prest legokeela neutraltasun estatus bat negoziatzeko eta NATOn sartzeari uko egiteko, baina ez du onartuko Ukrainako zati bat Errusiaren menpe geratzea.

Gauzak horrela, maila txikiagoko ordezkariekin hasitako negoziazioen jarraipen gisa ikusten du gaurko hitzordua Errusiak. Kulebak atzo bertan adierazi zuen "espektatiba mugatuak" dituela. "Guri su-etena interesatzen zaigu, gure lurraldeak aske uztea, eta Errusiako Armadak eragindako giza arazo eta hondamen guztiei irtenbidea ematea", esan zuen ministroak Facebook bidez zabaldutako bideo batean. 

Zelenskik esan du Ukrainak bakea nahi duela

Volodimir Zelenskik, bestalde, adierazi du Ukraina gaurko negoziazioetarako prestatzen ari dela, eta argi utzi du "bakea lortzea" dela bere asmoa.

Bi aldeen arteko hiru batzarretan gai politikoak, humanitarioak eta militarrak jorratu ostean, Zelenskik zehaztu du egoera ez dela "ping-pong joko bat"; izan ere, bizitzak daude jokoan.

Hala, Zelenskik berretsi du Errusiak "ekipamendua" soilik daukala; Ukrainak, aldiz, "ekipamendua eta herria". "Haiek aginduak baino ez dituzte: eraso egin, erail eta abusatu. Guk irabazteko grina daukagu, eta defendatu egingo gara", erantsi du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra