Mundua -

Maryland (AEB)

Txerri baten bihotza transplantatu zioten pazientea hil egin da bi hilabete geroago

57 urteko David Bennettek bihotzeko gaixotasun terminala zuen. Urtarrilaren 7an egin zioten ebakuntza, eta genetikoki eraldatutako txerri baten bihotza jaso zuen lehen pertsona izan zen.

Robert Montgomery eta talde medikoa transplantea egiten. Argazkia: Joe Carrota.
Robert Montgomery eta talde medikoa transplantea egiten. Argazkia: Joe Carrota.
Robert Montgomery eta talde medikoa transplantea egiten. Argazkia: Joe Carrota.

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txerri baten bihotza transplantatu zioten lehen pazientea hil egin da bi hilabete geroago, Marylandeko (AEB) Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko Zentro Medikoak jakitera eman duenez.

57 urteko David Bennettek bihotzeko gaixotasun terminala zuen. Urtarrilaren 7an egin zioten ebakuntza, eta genetikoki eraldatutako txerri baten bihotza jaso zuen lehen pertsona izan zen.

Ospitaleak gaur jakinarazi duenez, Bennett asteartean hil zen, egun batzuk lehenago bere osasun egoerak okerrera egin ondoren. Bizirik aterako ez zela egiaztatu ostean, medikuek zainketa aringarriak aplikatu zizkioten, Marylandeko Medikuntza Fakultateak agiri batean azaldu duenez.

Ebakuntza historikoa arrakastaz egin eta bi hilabete geroago hil egin da. Urtarrilean Fakultateak azaldu zuenez, ebakuntza "pazientearentzako aukera bakarra zen"; izan ere, beste ospitale batzuek ohiko transplante bat egitea baztertu zuten aldez aurretik.

"Hil edo transplantea egitea zen. Bizi nahi dut. Iluntasunean tiro egitea dela badakit, baina aukera bakarra dut", esan zuen Bennettek orduan.

Pazientearen heriotzarekin "jota" daudela adierazi dute talde medikoko kideek, Bartley P.Griffith doktoreak ohar batean deitoratu duenez. Bennetten bizitzeko gogoa eta kemena azpimarratu ditu.

Bestalde, Muhammad M. Mohiuddin ospitaleko arduradunak pazienteari eskerrak eman dizkio, "paper historikoa" izan duelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Zientziaren hedapena