Mundua -
ukrainako gerra
Errusiak esan du Bielorrusiak hornidura elektrikoa berrezartzea lortu duela Txernobylgo zentral nuklearrean
Txernobylgo zentral nuklearra, Bielorrusiako mugatik gertu, Errusiako armadaren kontrolpean dago unean.
agentziak |eitb media
Errusiak ostegun honetan berretsi duenez, Bielorrusiak Txernobylgo zentral nuklearrera bidalitako "adituek" hornidura elektrikoa berrezartzea lortu dute. Errusiak bere gain hartu zuen zentral hori, Ukrainari egindako erasoaren testuinguruan.
Hala baieztatu du Yevgeni Grabchak Energia ministrordeak, kazetarien aurrean egindako adierazpenetan. "Mózir eta Txernobyl arteko transmisio lineak elektrizitatea dauka", esan du mugatik kilometro gutxira dagoen Bielorrusiako hiriari buruz.
"Unean instalazioetan lanean ari direnei esker, posible izan da zentral nuklearra energiaz hornitzea", baietsi du.
Zenbait ordu lehenago, Ukrenergo ukrainar enpresa energetikoak esana zuen ez zuela "Bielorrusiaren laguntzarik behar Txernobylgo zentral nuklearra elikatzen duen eta Errusiaren artilleria erasoek kaltetutako tentsio altuko linea konpontzeko".
"Su-etena behar dugu, eta gure konponketa taldeei igarotzen uztea, atzodanik egon baitira konponketak abiatzeko akordio baten zain", adierazi du konpainiak Telegram bidez bidalitako mezu batean.