Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Errusiak erasoak gogortu ditu Ukraina mendebaldean, Europar Batasuneko mugatik gertu

Lutsk eta Ivano-Frankivsk hirietan bi aireportu militar bonbardatu dituela baieztatu du Errusiak. Ukrainak salatu duenez, Errusiako Armadak Kharkiv eskualdeko ospitale bat bonbardatu du.

Txernihiv hiriko satelite irudia. Argazkia: EFE
Txernihiv hiriko satelite irudia
Kiev hiriburutik oso gertu daude errusiarrak, eta erasoak mendebaldeko hainbat hiritara ere zabaldu dituzte

3:47

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako gerra hasi zenetik 16. eguna betetzen den egun honetan, Errusiako Armadak erasoak gogortu ditu Ukrainako mendebaldean, eta orain arte errusiarren erasorik jasan ez duten hiriak bonbardatu ditu: Lutsk, Ivano-Frankivsk eta Dnipro. Errusiak baieztatu duenez, bi aireportu militar bonbardatu ditu Lutsken eta Ivano-Frankivsken, eta erasoaren ondorioz, zerbitzuz kanpo gelditu dira.

Juri Poguliaiko Voronezh eskualdeko administrazioko presidentearen arabera, gutxienez bi militar hil eta sei zauritu dira bonbardaketaren ondorioz Poloniako mugatik 90 kilometro ekialdera dagoen Lutsk hirian.

Lehen bonben soinua entzun bezain laster, babeslekuetara joateko eskatu die Lutskeko alkateak herritarrei. ICTV telebista kate ukrainarraren esanetan, hiriko aerodromo militarra eta inguruko fabrika bat izan dira erasoaren helburuak.

Ukrainako Presidentetzaren aholkularietako batek salatu duenez, Ivano-Frankivsk eta Lutsk hiriak ez ezik, Dnipro hiriari ere eraso dio Errusiako Armadak.

ICTV telebista kateak hiru aire-eraso baieztatu ditu Dnipro hirian. Antza denez, haurtzaindegi batetik gertu, etxebizitza eraikin batean eta zapata lantegi batean jausi dira jaurtigaiak.

Errusiako tropak hiriburura gerturatzen hasi dira, eta erasoa datozen egunetan izan liteke
Errusiako tropak hiriburura gerturatzen hasi dira, eta erasoa datozen egunetan izan liteke
Errusiako tropak hiriburura gerturatzen hasi dira, eta erasoa datozen egunetan izan liteke

1:13

Bestalde, Ivano-Frankivskeko alkateak hiriaren aurkako erasoak baieztatu ditu Facebook sare sozialean. "Mesedez, ez partekatu leherketen argazkiak eta bideoak. Ikertzen ari gara zergatik ez den alarma sistema martxan jarri", esan du erasoa aireportuan izan dela nabarmendu aurretik.

Errusiako Armadak lehen aldiz egin du eraso aipaturiko hiru hiri horien kontra.

Ospitale bat bonbardatu dute Kharkiv eskualdean

Kharkiv eskualdeko tokiko agintariek salatu dutenez, Errusiako Armadak Oskil herriko ospitale bat bonbardatu du. Gutxienez, 330 gaixo zeuden bertan, baina ez da inor hil.

Aipaturiko ospitalea Luhanskeko borroka frontetik oso gertu dago, Ukrainako Larrialdi Zerbitzuek Facebooken zabaldutako mezu baten arabera.

Erasoak kalte materialak eragin ditu ospitalean, batez ere, bigarren eta hirugarren solairuetan. Leherketak gertatu diren unean langileak eta gaixoak babesleku batean zeuden.

Ukrainako agintariek behin baino gehiagotan salatu dute Errusiako Armada nahita ari dela ospitaleei eraso egiten. Azken egunetan, esaterako, Mariupol hiriko ospitale bat bonbardatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste garrantzitsuak Ukraina Errusia albisteak Vladímir Putin Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Volodimir Zelenski