Mundua -

Ukrainako gerra

Facebookek eta Instagramek errusiarren kontrako gorroto mezuak baimenduko dituzte

Errusiak, bestalde, iragarri du Instagramen erabilera mugatuko duela herrialde osoan astelehen gauerditik aurrera.

Facebookeko logoa.
Facebookeko logoa.
Facebookek eta Instagramek errusiarren kontrako gorroto mezuak baimenduko dituzte

1:31

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Facebook eta Instagram sare sozialek Errusiako soldaduen eta herritarren aurkako gorroto mezuak onartuko dituzte Ukrainako inbasioaren testuinguruan, Reuters agentziak aipatutako dokumentu batzuen arabera.

Mark Zuckerbergen Meta enpresako politikaren aldaketaren ondoren, Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Aliaksandr Lukaxenka Bielorrusiako presidentea hiltzeko ere eskatu ahalko da.

Zenbait salbuespen aipatzen dira multinazionalaren barne dokumentuetan, hala nola gerrako presoen kontrako mezuak izatea eta, presidenteak hiltzea eskatzeaz gain, beste helburu batzuk gehitzea edo modua zehaztea.

Errusiaz eta Ukrainaz gain, arauen aldaketa hau Sobiet Batasun ohiko herrialdeetan aplikatuko da batez ere: Armenian, Azerbaijanen, Estonian, Georgian, Letonian eta Lituanian, baita Eslovakian, Hungarian, Polonian eta Errumanian ere.

AEBk Errusian duen enbaxadak Metaren "muturreko ekintzak" geldi ditzala eskatu dio Errusiako Gobernuari.

Errusiak Instagramen erabilera mugatuko du

Roskomnadzor Errusiako komunikazioen organismo erregulatzaileak ostiral honetan iragarri duenez, Instagram sare sozialaren erabilera mugatuko du astelehen gauerditik aurrera. Fiskaltzak Facebooken enpresa matrizea, Meta, salatu ondoren izan da iragarpena. "Propaganda terroristaren hedapena erraztea eta errusiar biztanleriaren aurkako indarkeria sustatzea" egotzi dizkiote enpresari.

Hala, Roskomnadzor organismoak asteburu osoa eman die Instagramen erabiltzaileei "argazki eta bideoak beste sare sozialetara lekualdatzeko, martxoaren 14ko 00:00etan Instagramerako sarbidea mugatzeko prozedura osatu aurretik", errusiar estatu agentziak argitaratutako adierazpenaren arabera.

Iragarpen horrekin batera, Estatu-Dumak edo Errusiako Parlamentuak, beste erakundeen artean, baietsi dute Meta taldeko plataformak eta Twitter sare soziala erabiltzeari utziko diotela. Gainera, herrialdeko Hauteskunde Batzorde Zentralak ere jakinarazi du zerbitzu horien harpidetza utziko duela.

Errusiar Federazioko Fiskaltza Nagusiak, hortaz, eskaera bidali dio auzitegiari, Meta "muturreko" erakunde gisa aitortzeko eta Errusiar Federazioaren lurraldean horren jarduna debekatzeko.

Horretarako, Fiskaltzak kode penaleko bi artikuluri heldu die, Meta parte-hartzaile bezala seinalatzen dutelarik "propaganda terrorista" ekintzak bultzatzeagatik eta "gorrotoa eta indarkeria-mehatxu bidezko etsaitasuna" sustatzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Facebook Teknologia Nazioartea Ukraina Errusia Vladímir Putin Sare sozialak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Instagram Errusia-Ukraina gerra