Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Korridore humanitario berriak irekiko dituzte Mariupolen, zibilak ateratzeko

Korridore berri gehienak Kieven edo inguruetan amaituko dira, eta Pologi, Gostomel, Mikulitxi, Andrivka, Makarov, Borodianka, Trostyanets, Sumy, Lebedin, Konotop, Velyka Pisarevka eta Krasnopoletik abiatuko dira. Atzo bi korridore berri adostu zituzten Errusiak eta Ukrainak.

Mariupoleko errefuxiatuak Errusiako mugara heltzen, astelehenean. Argazkia: EFE
Mariupoleko errefuxiatuak Errusiako mugara heltzen, astelehenean. Argazkia: EFE
Mariupoleko errefuxiatuak Errusiako mugara heltzen, astelehenean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irina Vereschuk Ukrainako Donetsk eta Luhanskerako ministroak iragarri duenez, korridore humanitario berriak irekiko dituzte eta laguntza humanitarioko konboia bidaliko dute setiatutako Mariupol hirira, biztanleria zibila ateratzen saiatzeko, berriz ere.

Bat ireki dute jada larunbat honetan. "Korridore berde irekia. Karabana humanitario bat abiatu da Zapiorizhiatik Mariupolera ", iragarri du Udalak Telegrameko kontuan. "90 tona elikagai eta botika baino gehiago helduko dira eta 11 egun blokeatuta daraman herrira", adierazi dute tokiko agintariek.

Ukrainak Errusiarekin hitzartu du korridore humanitarioak irekitzea baina gehienek ez dute espero bezala funtzionatu, eta bi aldeek elkarri leporatu diote errua. Ukrainak hamar korridore irekiko dituztela esan du baina horien eraginkortasuna ez du bandoetako batek ere baieztatu. Korridore berri gehienak Kieven edo inguruetan amaituko lirateke, eta Pologi, Gostomel, Mikulitxi, Andrivka, Makarov, Borodianka, Trostyanets, Sumy, Lebedin, Konotop, Velyka Pisarevka eta Krasnopoletik abiatuko lirateke.

Errusiarrek, berriz, hamar korridore humanitario ireki zituztela atzo esan dute, Kievetik, Txernihivetik, Sumytik, Kharkivetik eta Mariupoletik Errusiara, eta bat Kieveko agintariek kontrolatutako lurraldeetatik mendebalderantz, Polonia, Moldavia eta Errumania aldera. Proposatutako 10 bideetatik bi bakarrik adostu zituzten ukrainarrekin: Kiev eta Mariupolen norabideetan.

Aldi berean, Ukrainako agintariek ere beste lau korridore gehiago iragarri zituzten Izyum, Energodar, Volnovaja hirietatik eta Zitomirretik. Errusiako agintarien oniritzia jaso zuten.

Aurreko asteburuko porrota bi aldeen arteko akordio "zehazgabearen" ondorio izan zela esan du Gurutze Gorriak

Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak (CICR) joan den asteburuan baieztatu zuen porrot egin zuela zibilak Mariupol hiritik ateratzeko bigarren saiakerak, eta porrotaren arrazoia gatazkaren aldeen arteko akordio "zehatz eta funtzionalik eza" izan zela esan zuen; hiria defendatzen duten Ukrainako indarrak eta Errusiaren aldeko Donetsk errepublikako miliziak ez zirela ados jarri, alegia.

Errusiako Armadak atzo salatu zuenez, Mariupol defendatzen ari diren Ukrainako indarrek sarrera eta irteera guztiak suntsitu dituzte, eta, beraz, hiria kanpoko mundutik deskonektatuta dago. "Hirirako zubi eta sarbide guztiak suntsitu dituzte, nazionalista ukrainarrek errepide nagusiak hondatu dituzte eta gizon armatuak dabiltza kaletik tiro eginez. Horrek biztanleria zibila euren etxeetan egotera behartzen du", adierazi du Mijail Mizintsev Errusiako Defentsa Nazionalaren Kontrol Zentroko buruak.

Donetskeko prentsa zerbitzuak baieztatu duenez, dena dela, ebakuazio batzuk gertatzen ari dira, 200 inguru egunean: "Martxoaren 11ko 08:00etatik martxoaren 12ko 08:00etara, 217 pertsona, 25 haur barne, atera zituzten Mariupoletik eta Novoazovskyko barrutiko Bezymennoe ingurutik", indar separatistek larunbat honetan  argitaratutako oharraren arabera. Hirian 400.000 pertsona inguru bizi dira.

Setioa hasi zenetik, Errusiak behin eta berriz salatu du ukrainar ultraeskuindar milizietako kideak egoera baretzeko ahaleginei boikota egiten ari direla inguru horretan.

Bestalde, eta Telegrameko bere kontuan argitaratutako mezu batean, Mariupoleko Udalak ziurtatu du 1.500 egoiliar baino gehiago hil direla hirian, duela 12 egun Errusiak erasoei ekin zienetik.

"Mariupoleko 1.582 zibil hil dituzte okupazio tropa errusiarrek hiria blokeatu eta etxebizitzak gupidagabeki bonbardatu dituzten 12 egunetan" salatu du Udalak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ukraina albisteak Errusia bideoak Eguneko albisteak Albisteak Errefuxiatuak azken ordukoa Errusia-Ukraina gerra Ukrainako presidentea