Mundua -

Mendebaldeko Sahara

Bolaños: "Marokori babesa emateak harreman egonkorra bermatuko du legez kanpoko migrazioari aurre egiteko"

Espainiako Presidentziako ministroak beharrezkoa deritzo "egonkortasuna" lortzeari, "munduak herrialdeen arteko akordioak behar" dituelako, "arazo komunei irtenbideak elkarrekin emateko", hala nola Espainiak eta Marokok legez kanpoko migrazioarekin duten afera partekatua.

Felix Bolaños ministroa, gaur, hedabideen aurrean. EFE
Felix Bolaños ministroa, gaur, hedabideen aurrean. EFE
Felix Bolaños ministroa, gaur, hedabideen aurrean. EFE

Agentziak | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Felix Bolaños Espainiako Presidentziako ministroak ziurtatu du Sahara Marokoren erkidego bihurteko ekimenari Espainiak babesa eman izanak, bi herrialdeen arteko harreman "on eta egonkorra" ekarriko duela, Marokok legez kanpoko migrazioaren aferari aurre egingo diola hitz eman baitu.

Hala adierazi du Bolañosek hedabideei egindako adierazpenetan, Sahararen inguruan Espainiako Gobernuak duen jarrera berriari buruz atzo jakin zenaren harira.

Ministroaren arabera, jarrera horrek "agerian uzten du Marokorekin harreman ona izango dugula, harreman egonkorra izango dugula", eta azpimarratu du Marokok "pertsonen salerosketaren aurka eta legez kanpoko migrazioaren aurka elkarlanean aritzeko konpromisoa" hartu duela.

Espainiako Gobernuak 2007an Mendebaldeko Sahararako aurkeztutako Marokoko autonomia-proposamenari emandako babesaren berri Errege Kabinetearen komunikatu baten bidez eman zen. Bertan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Mohamed VI. erregeari bidalitako gutun baten berri eman zen.

Bolañosen ustez, une honetan "egonkortasuna lortzea" da lehentasuna, "munduak herrialdeen arteko lankidetza-akordioak behar dituelako, arazo komunei irtenbideak elkarrekin emateko", hala nola, Espainiak eta Maroko komunean duten legez kanpoko migrazioaren aferari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioarteko berriak Migrazioa Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Mendebaldeko Sahara Maroko