Mundua -

Mendebaldeko Sahara

Espainiako Gobernuak dio Sahararekiko jarrera aldaketaren berri emana ziola Aljeriakoari

Baieztapen hori ez dator bat Aljeriako agintariek esandakoarekin, albistearekin "oso harrituta", agertu da Aljeria eta kontsultara deitu du Madrilgo enbaxadorea. Aljeriak kritikatu egin du Espainiak saharar herriari egindako "bigarren traizio historikotzat" jotzen duena.

Bandera sahararra. Argazkia: EITB Media
Bandera sahararra. Argazkia: EITB Media
Bandera sahararra. Argazkia: EITB Media

Agentziak | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzerri Ministerioak ohar baten bidez baieztatu duenez, Espainiako Gobernuak "aldez aurretik" emana zion aljeriarrari Espainiak Mendebaldeko Sahararekiko jarrera aldaketaren berri.

"Espainiarentzat, Aljeria bazkide estrategikoa, lehentasunezkoa eta fidagarria da, eta harreman pribilegiatua izan nahi dugu harekin", azpimarratu du Atzerri Ministerioak oharrean.

Espainiako Gobernuaren erreakzio hau Aljeriak Madrilen duen enbaxadorea kontsultara deitu izanaren ondotik dator; "lehenbailehen" deitu ere, Espainiako Gobernuaren adierazpenen eta Saharari buruz igorritako "bat-bateko jarrera aldaketaren" ostean, larunbat honetan aljeriar Kanpo Arazoetako Ministerioak jakinarazi duenez.

Oharraren arabera, Espainiak Sahararen autonomiarako Marokok proposatutako egitasmoari eskainitako babesak "asko harritu" du Aljeriako Kanpo Ministerioa, eta horregatik deitu dute Madrilen duten enbaxadorea, "lehenbailehen" kontsultak egiteko.

Aljeriar iturri diplomatikoek kritikatu egin dute Espainiako Gobernuak plan hori babesteko hartutako erabakia, eta jarrera aldaketa hori Madrilek saharar herriari egindako "bigarren traizio historikotzat" jo dute.

"Madrilek Saharar herriari egindako bigarren traizio historikoa da, 1975ko zorigaiztoko akordioaren ostean", adierazi du iturriak. "Azkenean, Marokok lortu du Espainiarengandik nahi zuena".

1975eko azaroaren 14an sinatutako itunaz ari zen. Orduan adostutakoari jarraiki, Aljeriak Marokori eta Mauritaniari eman zien Sahara espainiarraren antzinako kolonia, saharar herriaren borondatea kontuan hartu gabe.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Abdelmayid Tebune aljeriar presidentearekin hitz egin zuen martxoaren 6an. Horrek Espainiari hornidura bermatzeko konpromisoa berretsi zuen, baita Aljeriak ahal beste laguntzeko zuen borondatea ere, europarrentzat kide fidagarri izan nahi baitzuen energia kontuetan.

Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako ministroak ez zuen argitu nahi izan ostiralean Aljeria jarrera aldaketa horren jakinaren gainean ote zegoen. Argudiatu zuen diplomaziak "diskrezioa" eskatzen duela, eta konbentzituta azaldu zen aldaketak ez ziola Espainiara bidaltzen duen gas hornidurari eragingo. "Aljeriak askotan erakutsi du kide fidagarria dela", esan zuen, eta berretsi zuen harreman "ona" duela aljeriar homologoarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko berriak Espainiako Gobernua bideoak Espainia Albisteak Gaur Albisteak Madril Mendebaldeko Sahara Rabat gaur