Mundua -

Europar Batasuna

Hamarkada honetan EBren gaitasun militarra areagotzeko estrategia onartu dute

'Iparrorratz estrategikoaren' azken zirriborroa adostu dute Atzerri eta Defentsa ministroek Bruselan. Egitura finkorik gabe, estatu kideek 5.000 soldadu arteko indarra osatzeko baliabideak eskaintzea espero da.

Gerra helikoptero bat. Argazkia: EFE
Gerra helikoptero bat. Argazkia: EFE
Gerra helikoptero bat. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko estatu kideek Defentsa estrategia komuna onartu dute astelehen honetan. Hamarkada honetan EBren gaitasun militarra areagotzeko eta Defentsa arloan esfortzuak hobeto koordinatzeko helburua dute.

Atzerri eta Defentsa ministroek 'Iparrorratz estrategikoaren' azken zirriborroa adostu dute Bruselan egindako bileran, iturri diplomatikoek jakitera eman dutenez.

Esaterako, krisi egoeren aurrean soldaduak azkar zabaltzeko gaitasuna izan nahi du EBk.

Konkretuki, 2025ean 27 estatu kideek tropak zabaltzeko gaitasuna izatea nahi dute agintariek. Estatuburuek eta gobernuburuek dokumentua berretsi behar dute orain, osteguneko goi-bileran.

Egitura finkorik gabe, estatu kideek 5.000 soldadu arteko indarra osatzeko baliabideak eskaintzea espero da.

Lehentxeago, urte bukaerarako, EBko herrialdeek operazio agertokiak eta Defentsa planak adosteko konpromisoa hartu dute, 2023an maniobra militarrak egiten hasteko asmoz, prestakuntza eta elkarreragintasuna areagotzeko.

Ukrainako gerra

Horrela, EBren segurtasunari eta Defentsari bultzada berria ematea adostu dute, Europako estrategiaren arabera, "joera geopolitiko eta aurkako inguruabarrei aurre egiteko erantzukizun handiagoa hartzea beharrezkoa delako", Ukrainako gerrak agerian utzi bezala.

Une oro, estrategia NATOren osagarri bezala planteatzen da. 'Iparrorratz estrategikoak' azpimarratu duenez, bi erakundeen arteko lankidetza "funtsezkoa da segurtasun euroatlantikoarentzat, Ukrainan Errusiaren erasoaldiak begi-bistan utzi bezala".

Defentsa liburu zuri bat izateko ideia duela bi urte mahai gainean jarri zuten EBko buruzagiek, baina Europan gerra piztea beharrezkoa izan da onartzeko.

Are gehiago, Ukrainako krisia behin baino gehiagotan aipatzen da dokumentuan. Ministroen esanetan, "Batasunetik kanpo eta barruan indar armatuen mugikortasun militarra" hobetzeko beharra argi utzi du Ukrainako gerrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Brusela Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra