Mundua -
Ukrainako gerra
G7k eta Europar Batasunak neurriak hartuko dituzte, Errusiak zigor ekonomikoak ekiditerik izan ez dezan
Errusiak isun ekonomikoen ondorioak arintzeko nazioartean dauzkan erreserbak erabiltzea saihestu nahi dute G7ko eta Europar Batasuneko agintariek. Halaber, Estatu Batuek iragarri dute 400 politikari, oligarka eta erakunde errusiar zigortuko dituztela.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
G7ko eta Europar Batasuneko herrialdeetako buruzagiek hainbat neurri hartuko dituzte Errusiak nazioarteko erreserbak -tartean, urrea- erabili ez ditzan ezarri zaizkion zigor ekonomikoak ekiditeko.
"G7ko eta Europar Batasuneko buruzagiok elkarlanean jarraituko dugu, Errusiak nazioartean dituen erreserbak erabili ez ditzan, bere ekonomia indartzeko eta Ukrainako gerra finantzatzeko", jakinarazi dute Ameriketako Estatu Batuek (AEB) ohar bidez.
Gauzak horrela, AEBk azpimarratu dute galarazita dagoela urrearekin transakzioak egitea Errusiako Banku Zentralarekin.
Munduko urre erreserbarik handienetako bat Errusiak dauka. 2.300 tona urre dituela kalkulatzen da, eta merkatuan 127.151 milioi euroko balioa izango luke.
Horrez gain, Errusiak zigorrak saihesteko aukerarik ez duela ziurtatzeko, herrialde aliatuek informazioa konpartituko dute eta hartu beharreko neurriak elkarlanean adostuko dituztela berretsi dute.
"Elkarrekin bermatuko dugu zigorrak betetzen direla. Eta saiatuko gara beste gobernu batzuek ere antzeko neurriak har ditzaten", erantsi dute oharrean.
400 pertsona eta erakunde zigortuko dituzte
Bestalde, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak iragarri du Errusiako 400 herritar eta erakunderi isunak ezarriko dizkietela. Besteak beste, 328 parlamentari, Herman Gref eta Genadi Timchenko oligarkak eta 48 enpresa publiko zigortuko dituzte.
"Putinek gerran segitzen duen bitartean, Gobernu errusiarrak gure neurri ekonomikoen ondorioak pairatuko ditu", agindu du Gobernu estatubatuarrak, eta erantsi du egoeran honetan "ekonomia errusiarra kolapsoan" sartuko dela.
Bestalde, AEBk jakinarazi dute 1.000 milioi dolarreko aurrekontua erabiliko dutela Ukrainara laguntza humanitarioa bidaltzeko, eta 100.000 errefuxiatu hartzeko prest daudela.