Mundua -
ukrainako gerra
Ukrainako 340 errefuxiatu inguru hartu dituzte guztira Euskadiko harrera baliabideek
Gainera, beste 300 pertsona familiekin bizi dira, eta 600 inguru egon litezke EAEko etxeetan, erregistratu gabe.
agentziak | eitb media
Ukrainako inbasioagatik ihes egindako pertsonen jarraipena egiten duen batzordearen arabera, Eusko Jaurlaritzaren kontingentzia plana 1. agertokian dago. Izan ere, unean 340 inguru dira Estatuko harrera sistemaren baitan artatu dituzten pertsonak.
Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, kontingentzia planari jarraiki, agertokia aldatuko litzateke martxan dauden harrera eta migrazio baliabideetan 700 pertsonen muga gainditzean.
Espainiako Gobernuaren "eskuduntza esklusiboa" da nazioarteko babes bila dauden pertsonen harrera, eta horrek kudeatzen du arreta hori, CEAR erakundearen bitartez, lehen fasean. Eusko Jaurlaritza, berriz, arreta humanitariorako azpiegitura eta babesa bideratzearen arduraduna da, baliabide ofizialek zerbitzu hori eman ezin dutenean. Hala gogorarazi du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak.
Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, CEAR taldeak 416 ukrainar artatu ditu. Horien artean, 319 Euskadik 1. agertokian luzatzen dituen baliabideen barnean daude, egoitza egonkor baten zain.
Horri gehitu behar zaizkio Berrizen eta Oñatin, nagusiki, Eusko Jaurlaritzaren baitako sarean dauden baliabideak, Suspergintza eta Zehar Errefuxiatuekin plataformek kudeatuak.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 300 pertsona ari dira EAEko familiekin bizitzen, eta kalkulatu dute 600 gehiago egon litezkeela erregistratu gabe.
Gaur egun, zehaztu dutenez, ez dute etorrera jario esanguratsurik antzeman, Eusko Jaurlaritzarekin eta gizarte erakunde espezializatuekin koordinatutako elkartasun ekimen pribatuez gain.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du mugikortasun handia nabaritu dutela euskal baliabideetara iristen diren pertsonen artean. Batez ere, Kataluniara eta Mediterraneoko kostaldera lekualdatzen ari dira, bertan dauden senideekin edo lagunekin elkartzeko.
Jaurlaritzak berriz ere azpimarratu du "solidaritatea antolatzeko" beharra, "Ukrainako mugatik ateratzen ari diren pertsonen harreraren aurreikuspen bat izateko".
Horretarako, Gurutze Gorriak telefono-zenbaki bat ipini du eskuragai, elkartasuna adierazteko eta Euskadira iritsi diren ukrainarren beharrei erantzuteko. Hala, 945 222 222 zenbakia 08:00etatik 22:00etara dago aktibo, eta 15 operadorek lan egiten dute horretan.
Laguntza bideratzeko beste modu bat da errefuxiatuak@euskadi.eus posta elektronikora idaztea. 4.000 mezu inguru jaso dituzte jada: horietatik, ia 3.000 harrera eskaintzak dira, 289 ostatu lagapenak, eta badira donazioak eta mugara bidaiatzeko eskaintzak ere.