Mundua -
Ukrainako gerra
300 pertsona hil ziren Mariupoleko antzokiaren aurkako erasoan, Ukrainako agintarien arabera
Ez dakite zenbat pertsona egon daitezkeen hondakinen azpian lurperatuta. Erasoaren egiletzari buruzko bertsio kontrajarriek jarraitzen dute, Errusiak eta Ukrainak elkarri leporatzen baitiote erasoa egin izana.
O.P. | Eitb Media
Mariupol Ukrainako hiriko antzokian errefuxiatutako 300 pertsona inguru hil ziren martxoaren 16ko erasoan, hiriko Udal Kontseiluak Telegrameko kanalean ostiral honetan ziurtatu duenez.
"Mariupoleko Antzokian hegazkin errusiar baten bonbardaketaren ondorioz 300 pertsona inguru hil zirela dioten lekukoen informazioa dago", adierazi dute.
Ukrainako agintarien arabera, antzokiko sotoan 1.000 eta 2.000 pertsona artean babesten ziren, baina ezin izan dute zehaztu zenbat pertsona zeuden barruan bonbardaketaren unean, eta, beraz, ez dakite zenbat lagun egon daitezkeen oraindik hondakinen azpian lurperatuta.
130 bat pertsona bizirik ateratzea lortu zuten hiriko antzokiaren azpian eraikitako babeslekutik, Liudmyla Denisova Ukrainako Parlamentuko Giza Eskubideen komisionatuak joan den astean jakinarazi zuenez.