Mundua -
ukrainako gerra
Txinak ez dio bermatu nahi izan Europar Batasunari ez dela Ukrainako gatazkan sartuko
EBren eta Txinaren arteko bilera bi zatitan banatu da. Lehenengoa bi ordu luzatu da eta Li Keqiang lehen ministro txinatarra izan du protagonista. Bigarrenean, berriz, Xi Jinping presidenteak parte hartu du, eta 50 minutu soilik iraun du.
agentziak | eitb media
Txinak saihestu egin du Europar Batasunari bermatzea ez dela Ukrainako gatazkan sartuko. Bilera batean, Charles Michel Kontseilu Europarreko presidenteak eta Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak argitasuna eskatu diote Pekini, berresteko ez duela Errusia militarki zein ekonomikoki lagunduko.
Topaketan zehar, Europar Batasunak Txinarekin duen harreman komertzial garrantzitsua azpimarratu dute buruzagiek, Errusiaren alde egiteko asmoa kentzeko, eta Pekini helarazi diote, Europaren zigorrak ezarri nahi ez baditu, behintzat "ahal dena" egin dezala horiek ez "oztopatzeko".
"Zigorrak saihesteko edo Errusiari laguntzeko edozein saiakerak gerra luzatuko du, eta heriotza gehiago eta eragin ekonomiko handiagoa ekarriko ditu. Hau ez dago inoren epe luzerako interesen artean", argudiatu du Michelek. Ez du Txina neurriekin mehatxatu nahi izan, baina nabarmendu du ezin duela errusiar erasoaren aurrean beste alde batera begiratu, eta ohartarazi du EB "erne egongo" dela, berresteko Moskuk ez duela kanpoko laguntzarik jaso Ukrainaren aurkako erasoaldian.
EBren eta Txinaren arteko bilera bi zatitan banatu da. Bigarrenean Xi Jinping presidentea izan da, eta 50 minutuko luzera izan du. Saio horrek Ukrainako egoera izan du ardatz, eta agintariak azpimarratu du Pekinek eta Bruselak batera lan egin behar dutela, krisia beste herrialdeetara lekualdatzea ekiditeko.
Xik azpimarratu du bi potentziek bermatu behar dutela egonkortasuna, gero eta asaldatuago dagoen mundu batean, GTN txinatar telebista kateak jakinarazi duenez. Era berean, europar agintariak presatu ditu, "Txinaren pertzepzio propioa sortzeko", eta Europaren eta Txinaren arteko harremanak bizkortzeko lan egiteko.
Bileraren lehen zatia ia bi ordu luzatu du da, eta Li Keqiang lehen ministro txinatarra izan du protagonista. Egonkortasuna mantendu nahi izan du, izan ere, Errusiarekin lerrokatuko ez direla bermatzea saihestu du.
Lehen ministro txinatarrak ziurtatu du herrialdea "blokeen banaketaren eta gatazkan parte hartzearen aurka" dagoela, Ukrainan gerra lehertu zenetik Pekinek mantendu duen ildoari jarraiki.
Txinak azaldutako konpromiso eza gorabehera, europar iturriek adierazi dute EBren helburua zela "europar dramari" buruzko kezka mezua helaraztea, eta Txinako agintariek Ukrainako gerraren ondorioak ulertzea.