Mundua -
Ukrainako gerra
Kievetik aldendu eta Donbas menderatzen saiatuko da Errusiako Armada
Ukrainako Armadak Kiev inguruko dozenaka herri berreskuratu ditu, eta tropa errusiarrak Donetsk eta Luhansk erabat kontrolatzen saiatuko dira.
Agentziak | EITB Media
Ukrainako Gobernuak esan duenez, bere Armadak dozenaka herri berreskuratu ditu Kiev hiriburua inguratzen duen eskualdean, eta Errusiako Armadak indar gehiago eraman ditu Donbasera, guztiz menperatzeko helburuarekin.
Kieven gaur nolabaiteko lasaitasuna egon da, nahiz eta sirenek pare bat aldiz jo duten arratsaldean. Jende gehiago ibili da kalean eta kafetegi gehiago egon dira irekita, militarren presentzia murriztu ez den eta barrikada ugariak kendu ez diren arren.
Oleksii Arestovich Ukrainako bozeramaileak aurrerapen horien berri eman du, eta herrialdearen hegoaldean eta ekialdean "borroka gogorrak" geratzen direla ohartarazi du, Ukrainako telebista publikoak jaso duenez. "Ez dezagun ilusiorik egin. Borroka gogorrak daude oraindik hegoaldean, Mariupolen, Ukraina ekialdean", esan du.
Ukrainaren aurrerapen horiek bat datoz Errusiak esandakoarekin, hau da, Kieven eta Txernigoven egindako erasoaldian atzera egingo zuela eta Donbasen, ekialdean, kontzentratuko zela. Hala, DPA albiste-agentziak aipatutako iturri ukrainarren arabera, Errusiak Mariupol, Kharkov eta Ghernigov fabriken eta industrialdeen aurkako bonbardaketak egin ditu.
Errusiako tropek aurrera jarraitzen dute Donbasen. Helburua Donetsk eta Luhansk osorik kontrolatzea da, Moskuk aitortutako errepublika popularrekin batera.
"Indar errusiarrak Donbasen biltzen ari dira, Kharkov aldera, eta eraso are indartsuagoetarako prestatzen ari dira", adierazi du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak.
Goizetik, Errusiaren aldeok Donetskeko miliziek Novobajtumovka hartu dute partzialki, Ukrainako Armadako 25 brigada aerotransportatuko unitateei aurre egida, Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez. Bestalde, Luhanskeko miliziek erasoaldiarekin jarraitu dute eta ekialdean eta hegoaldean Borovskoye blokeatu dute.
Bitartean, Mariupolen setioak jarraitzen du. Indar errusiarrek tropa ukrainarren setioa estutu dute, baita haien defentsak hautsi ere, bi taldetan banatu arte. Horietako bat Azovstal lantegian gotortu da.
Ramzan Kadirov buruzagi txetxeniarrak Telegramen iragarri du hirian borrokatzen duten unitate txetxeniarrak fabrika setiatzen hasiak direla, eta ziurtatu du "Banderaren jarraitzaile guztiak enpresaren lurraldetik kanporatzeko erabaki sendoa" hartu dutela.