Mundua -
ukrainako gerra
Errusiako Armadak Ukrainako findegirik handiena suntsitu du, Odesa eskualdean
Ukrainako agintariek berretsi dutenez, ez da biktimarik izan, baina erasoek "azpiegitura kritikoko helburuei" eragin diete.
agentziak | eitb media
Errusiako Armadak petrolio-findegi bat suntsitu du igande honetan, Ukrainako Odesa eskualdean. Ustez, Mikolaiveko ukrainar tropak hornitzen zituen, Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera.
"Gaur goizean findegi bat eta hiru erregai-tanga suntsitu dira Odesa hiriko eskualdean, misil-ontziekin eta lurreko misilekin. Mikolaiveko ukrainar tropak erregaiz hornitzen zituen", baieztatu du Igor Konashenkov erakundeko bozeramaileak.
Ukrainar agintariek ere berretsi dute erasoa eta, horien arabera, ez da biktimarik izan.
"Erasoek azpiegitura kritikoko helburuei eragin diete", Valdislabv Nazarov ukrainar Armadako Hegoaldeko komandantziako ofizialak jakinarazi duenez.
Bestalde, Errusiako Defentsa bozeramaileak gaineratu du Errusiako Indar Aeroespazialetako defentsa antiaereoak bi ukrainar drone eraitsi dituela Kudriashkovan (Lugansk eskualdea) eta Shurovkan (Kharkiv eskualdea), Ukraina ekialdean.
Errusiar tropek ukrainar Armadaren gaineko aireko presioa mantendu dute, eta 51 helburu militar suntsitu dituzte airetik: lau komandantzia, bi Osa-AKM misil antiaereo sistema, lau armategi eta 32 gotorleku.
Konashenkoven arabera, Ukrainan abiatutako "operazio militar berezia" hasi zutenetik, Errusiako Armadak honakoak suntsitu ditu: 125 hegazkin eta 88 helikoptero, 383 drone, 221 misil antiaereo sistema, 1.903 tanke blindatu, 805 artilleria atal eta mortero, eta 1.781 ibilgailu militar.