Mundua -
Ukrainako gerra
Ukrainako Gobernuak Luhansk, Donetsk eta Kharkiv uzteko eskatu die herritarrei
"Aukera dagoen bitartean ebakuazioa beharrezkoa da", esan du Irina Vereshchuk Ukrainako lehen ministrordeak. Bestalde, Ukrainako presidentearen aholkulariaren hitzetan, Errusiako tropak Mykolaiv hiritik atera dira eta Khersonen (biak ala biak hegoaldean) "errenditzeko" prestatzen ari dira.
Agentziak | EITB MEDIA
Irina Vereshchuk Ukrainako lehen ministrordeak Luhansk, Donetsk eta Kharkiv uzteko eskatu die herritarrei, Errusiaren balizko erasoaldi baten aurrean.
"Beharrezkoa da, biztanleria heriotza mehatxupean eta etsaiaren suaren mende egongo delako. Haiek ez dute ezer egingo, eta guk ezin izango dugu lagundu, sua gelditzea ia ezinezkoa izango da. Aukera dagoen bitartean ebakuazioa beharrezkoa da", azaldu du Vereshchuk agiri batean.
"Tropa okupatzaileek Kieveko eta Txernihiveko eskualdeetatik atzera egin izana ez da negoziazioei begira borondate oneko keinu bat izan, nahiz eta Errusiako funtzionarioak horrela aurkezten saiatu, gure Armadaren, Gobernuaren eta Ukrainako herri osoaren burdinazko borondatearen" adibide bat baizik, ohartarazi duenez.
Ukrainako gerra piztu zela 42. egun betetzen diren honetan, Errusia Donetsk eta Luhansk eskualdeak (herrialdearen ekialdean) eta Mariupol hiria (hegoaldean) guztiz bereganatzeko ofentsiba prestatzen ari da, Ukrainako Armadak nabarmendu duenez.
Kieveko iturrien arabera, Errusiako tropak Iziumerantz (Kharkiv eskualdea, ipar-ekialdean) ari dira mugitzen, baita Sloviansk eta Barvinkove ingurura ere. Bi hiriok gako izan daitezke Donetsk eta Luhansk kontrolpean hartzeko.
Mariupol (Azoveko itsasoan dagoen portu estrategikoa) hizpide, honakoa esan du Ukrainak: "Mariupoli eraso egiteko saiakerek ez dute etenik. Hiriaren defentsan ari direnek defentsa heroikoa egin dute 40 egunez, Errusiako indar inbaditzaileei eusten".
Errusiako Armadak atzo iragarri zuenez, Mariupol hiria kontrolpean hartzeko erasoari ekingo dio aurki.
Bestalde, Ukrainako presidentearen aholkulariak esan du Errusiako tropak Mykolaiv hiritik atera direla eta Khersonen (biak ala biak hegoaldean) atzera egiteko zorian daudela. Ohartarazi duenez, Errusiako Armadak ez du Kherson berehalakoan utziko, baina "errenditzea" prestatzen ari dira.
"Mykolaiv ez dago jada etsairik, eta borroka guztiak Khersonen egiten ari dira", azaldu du.
Aire bidezko erasoak eta leherketak Lviv hirian eta Dnipropetrovsk eskualdean
Halaber, Lviv hiria (mendebaldean) airez bonbardatzen ari direla baieztatu du bertako administrazio militarreko buruak. Herritarrei babeslekuetan egoteko eskatu die.
Dnipropetrovsk eskualdean, leherketak entzun dira Novomoskovsken, Dnipro hiritik gertu, Ukrainako hedabideek aipatutako iturrien arabera.