Mundua -

Ukrainako gerra

NATOk uste du gerra luzatu egingo dela, eta Ukrainara arma astunak bidaltzeko prest agertu da

Aliantza Atlantikoko herrialdeek adierazi dute gerra fase "erabakigarrian" sartu dela eta, ondorioz, ezinbestekotzat jo du Ukrainari arma gehiago ematea.

Margarita Robles ministroa, Ukrainara armak eraman zituen hegazkin militar espainiarraren ondoan.
Margarita Robles ministroa, Ukrainara armak eraman zituen hegazkin militar espainiarraren ondoan.
Margarita Robles ministroa, Ukrainara armak eraman zituen hegazkin militar espainiarraren ondoan.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiaren inbasioa hasi zenetik lehendabiziko aldiz, NATO prest agertu da Ukrainara armamentu astuna bidaltzeko, Armada errusiarraren erasoaldiei erantzuteko eta gatazka denboran luzatzeko arriskua dagoela uste duelako.

Aliantza Atlantikoko Atzerri ministroen bilera hasi aurretik, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak adierazi du Ukrainako gerra fase berri batean sartu dela eta "premiazkoa" dela Kievi laguntza militar gehiago ematea.

"Herrialde aliatuak prest egon behar dira edozein unetan arma astunak nahiz arinak Ukrainara bidaltzeko", esan du, NATOk Ukrainara tankeak bidaliko ote dituen galdetu diotenean.  

Stoltenbergek berretsi du beharrezkoa dela askotariko armamentua bidaltzea: tankeen kontrako armak, aire bidezko erasoak gelditzeko sistemak edo arma aurreratuak. "Herrialde aliatuok egiten dugun guztia garrantzitsua izango da", erantsi du.

Horrez gain, ohartarazi du litekeena dela gatazka denboran luzatzea eta, beraz, azpimarratu du Europa eta Iparramerika prest egon behar direla Ukrainari arlo militarrean, humanitarioan nahiz finantzazioan laguntzeko.

Ildo berean, NATOko buruzagiak esan du Errusiaren kontrako zigorrak mantendu egin behar direla eta Aliantzako herrialdeek nork bere defentsak indartu behar dituztela, Vladimir Putinek bere helburuak lortzeko indarra erabiltzeko gai dela erakutsi eta gero.

NATOko arduradunak asteazken honetan bilduko dira Ukrainako gerraren egoera aztertzeko eta hurrengo urratsak erabakitzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia NATO Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra