Mundua -
Ameriketako Estatu batuak
30 bat pertsona zauritu dituzte New Yorkeko metroan izandako tiroketan
Polizia gas maskara bat omen zeraman gizon baten bila omen dabil. Gertatutakoa ez direla eraso terrorista bezala ikertzen ari esan dute agintariek.
AGENTZIAK | EITB Media
Gutxienez 29 pertsona zauritu dituzte, horietako hamar balaz, New Yorkeko metroan izandako tiroketa batean, suhiltzaileek jakinarazi dutenez. Horietako bost egoera larrian daudela zehaztu dute.
Polizia gas maskara bat omen zeraman gizon baten bila omen dabil, ustezko erasotzailea hori delakoan.
"Tirogile aktibo bat dugu New York hirian", onartu du Kathy Hochul gobernadoreak prentsaurrekoan.
Keechant Sewell New Yorkeko Poliziaren komisarioak ere parte hartu du agerraldian. Horren esanetan, gertatutakoa ez dira eraso terrorista bezala ikertzen ari. Gainera, erasotzaileak pertsona mota zehatzen bat jomuga ote duen galdetu diotenean, "biktimak etnia askotakoak dira", erantzun du Sewellek.
Herritarrek sare sozialetan partekatutako irudietan, zenbait pertsona odoletan ikus daitezke Brooklyngo 36. kaleko metro geltokian, Sunset Park auzoan, eta bagoitik kea ateratzen ere ikusten da.
Oraingoz, baina, ez dago argi tiroketa geltokian edo tren baten barruan izan den.
Agintariek inguruetara ez joateko eskatu diete herritarrei.