Mundua -
AEB
New Yorkeko metroaren erasoko susmagarri nagusia atxilotu dute
Erasoak ia 30 zauritu utzi zituen Brooklynen. 62 urteko James East Village auzoan atxilotu dute, Manhattanen.
Agentziak | EiTB Media
New Yorkeko Poliziak Frank R. James metroko erasoaren susmagarri nagusia atxilotu du asteazken honetan, Poliziako iturriek bertako komunikabideei baieztatu dietenez. Erasoa asteartean gertatu zen, eta ia 30 zauritu utzi zituen.
62 urteko James East Village auzoan atxilotu dute, Manhattanen, CNNk zehaztu duenez. Agintariek 50.000 dolarreko saria eskaini zuten, susmagarria topatzeko edozein informazio baliagarriren truke.
Ordu batzuk lehenago, Poliziako buruzagiek YouTubeko zenbait bideo erakutsi dituzte, non Jamesek "sarraskitzeko" asmoa agertu zuen duela hilabete batzuk. Bestalde, Eric Adams hiriko alkatearekin haserre agertzen zen bideoetan, etxerik ez duten pertsonei metroko instalazioetan gaua igarotzen ez uzteagatik.
Prophet of Truth 88 YouTube kanaleko bideo baten irudi bat partekatu du Poliziak. Hitzaldi luzeetan atsekabetzen duen guztia azaltzen du Jamesek, irainak eta hiztegi itsusia erabiliz.
AEBko komunikabideek bideo batzuk argitaratu dituzte. Jendea hiltzeko gogo handiak dituela ziurtatzen du bideoetako batean, baina kartzelan bukatzeak orain arte gelditu duela.
Beste grabazio batean, Ketanji Brown Jackson AEBko Auzitegi Goreneko epaile izendatu berriarekin desengainua hartu duela dio Jamesek, gizon zuri batekin ezkonduta dagoelako, baita Adams alkatearekin ere, metroaren segurtasuna areagotu duelako.