Mundua -

ukrainako gerra

Ukrainan, azken erasoaren zain dago Donbass, Mariupolek eusten duen bitartean

Ostegun honetan ebakuazioei berrekin diete, herrialde osoan bederatzi korridore humanitario irekita. Bestalde, Errusiak Ukrainari egotzi dio mugako eremuetan eta itsasoan erasoak egin izana.

Mariupol hiria, astearte honetan. Argazkia: EFE
Mariupol hiria, astearte honetan. Argazkia: EFE
Mariupol hiria, astearte honetan. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukraina errusiar tropen azken erasoaren zain dago oraindik, Donbassen. Bertan, aurrera diraute Mariupol hartzeko saiakerek, eta agintariek onartu dute zenbait soldaduk amore eman zutela, baina ez zirela mila baino gehiago, Errusiak esan bezala.

Militar ukrainarren arabera, errusiarrek "jarraitzen dute sistematikoki erasoak jaurtitzen, misil eta bonbekin, azpiegitura militar eta zibilen aurka; Kharkiv, Donetsk eta Zapariya eskualdeetan".

Gainera, Severodonetsketik hurbil, Lugansk eskualdean, dagoen talde errusiarra indartu dute, eta aurrera dirau Mariupol portuko hiriaren aurkako erasoak.

Errusiak baietsi du itsas armadako beste 134 infantek amore eman zutela Mariupolen asteazken gauean. Hala, 1.160 lirateke azken orduetan "borondatez" armak utzitako militar ukrainarrak.

Bestalde, Erresuma Batuak, egunero Ukrainako egoerari buruzko txostenak argitaratzen dituekarik, adierazi du Kramatorsk eta Kostiantynivka hiriak, Donetsk eskualdean, izan litezkeela tropa errusiarren hurrengo helburuak.

Jakinarazpenaren arabera, indar ukrainarrek Mariupol defendatzen diraute, tropa eta talde errusiar ugari dauden eremu batean.

Ebakuazioei berrekin diete

Ukrainako Gobernuak ostegun honetan iragarri duenez, bederatzi korridore humanitario ireki dituzte guztira herrialde osoan, horietako gehienak ekialdeko eta hegoaldeko eremuetan, liskar ugarien aurrean itxita egon ostean.

Mariupoletik irekitako korridorea da problematikoena. Ia erabat hondatu dute bonbardaketek eta, agintarien arabera, 120.000 biztanle gelditzen dira bertan.

Errusiako Defentsa Ministerioak dio egunero jasotzen dituela Errusiara lekualdatu nahi duten ukrainarren ehunka eskaera. Kievek, bitartean, Moskuri leporatu dio ukrainarrak indarrean erbesteratzea.

Ukrainar iturrien arabera, milaka pertsona, adingabe asko tartean, lekualdatu dituzte indarrean Mariupoletik Errusiaren kontrolpeko eremuetara. Horietako batzuek bide hori hautatu zuten, ezin izan zutelako Kieveko autoritateen kontrolpeko ukrainar eremura iritsi.

Tentsioa, mugetan eta itsasoan

Gainera, Errusiak berriz egotzi dio ostegun honetan Ukrainari helikopteroekin bi herrialdeen arteko eremu mugakideak eraso izana. Gertakari horiek larritasun desberdinetako zortzi zauritu utzi dituzte.

Moskuk ohartarazi zuenez, eraso horiek Kiev gaineko zigor kolpea eragin lezakete.

Bitartean, Vitali Klitschko Kieveko alkateak hiritik atera zien biztanleei eskatu die oraindik ez itzultzeko, Ukrainako hiriburua larrialdi egoeran dagoelako eta ez delako erabat segurua.

Era berean, Ukrainak ziurtatu du "kalte larriak" eragin dituela 'Moskva' Itsaso Beltzeko errusiar Flotaren Moskva ontzi intsignian, Neptune misilekin eraso egin ostean. Ondoren, hondoratu egin da, portura eramaten ari zirenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Ukraina Errusia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa