Mundua -
Repsol-YPF auziko eztabaidan
Diputatu bat 'espainiarra' deituta iraindu dute Argentinan
PRO alderdiko Laura Alonsok kritika gogorrak egin zizkion Kirchnerren Gobernuari eta YPFren desjabetzearen aurka agertu zen. Gobernuari "politika okerra, ustela eta kutsakorra" egitea leporatu zion.
Erredakzioa
Argentinako Kongresuan hitza hartu zuten 55 diputatuetatik oihu eta txistu gehien jaso zituena izan zen PRO alderdiko Laura Alonso. Kongresuan YPFren desjabetzea eztabaidatu zuten eta Gobernuaren erabakiak gehiengoaren babesa jaso zuen.
Alonsok kritika gogorrak egin zizkion Kirchnerren Gobernuari eta YPFren desjabetzearen aurka agertu zen. Alonsok euren burua "abertzaletzat" dutenen kontra egin zuen, "enpresei ez zieteleko euren jokaeragatik ohartarazi eta behar zenean zigortu ez zituztelako". Gobernuari "politika okerra, ustela eta kutsakorra" egitea leporatu zion.
"Baliabide naturaken erabilera iluna egin dute, ustelkeria susmoak sortuta. Petrolio enpresei emandako baimenak lau hilabetero luzatzen dira. Ez da nahikoa bandera hartu eta abertzaletasunaz aritzea herriaren eskubideen kontrako akordioak sinatzen ditugunean", adierazi zuen Alonsok.
"Pasioei eutsi"
Gobernuaren aldeko diputatuek festa giroan hartu zuten desjabetzearen legea onartzea. Kirchnerren aldeko herritarrek ere Kongresua hartu zuten eta Alonsoren hitzak oso gaizki hartu zituzten. Alonso "espainiarra" deituta iraindu zuten.
Julian Dominguez Diputatuen Ganbarako presidenteak ordena eta errespetua lau aldiz eskatu behar izan zuen Alonso hitz egiten ari zen bitartean. Dominguezek botazioa iritsi arte "pasioei eusteko" eskatu zien Kirchnerren jarraitzaileei.