Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Errusiak aldebakarreko su-etena iragarri du Mariupoleko Azovstal lantegitik zibilak ebakuatzeko
Irina Vereshchuk Ukrainako lehen ministrordeak, aldiz, Errusiaren korridorea ukatu du. "Zoritxarrez" bi aldeen arteko akordiorik ez dago Azovstal altzairutegian korridoreak zabaltzeko, azpimarratu duenez.
AGENTZIAK | EITB Media
Errusiako agintariek aldebakarreko su-etena iragarri dute astelehen honetan, korridore humanitario bat martxan jarri eta Azovstal lantegitik zibilak ebakuatzeko, Mariupol hirian.
Mijail Mizintsev koronel jeneralak, Defentsa Nazionaleko Kontrol Zentroko buruzagiak, azaldu duenez, Errusiako tropek zein Donetsk herri errepublikako miliziek aldebakarreko su-etena egitea erabaki dute, zibilen ebakuazioa ziurtatzeko.
Irina Vereshchuk Ukrainako lehen ministrordeak, aldiz, Errusiaren korridorea ukatu du. "Zoritxarrez" bi aldeen arteko akordiorik ez dago Azovstal altzairutegian korridoreak zabaltzeko, azpimarratu duenez.
Vereshchuken hitzetan, bi aldeen arteko akordioa egongo balitz korridore humanitarioak zabalduko lirateke, baina Moskuk aldebakarreko erabakiarekin zabaldutakoak "ez du segurtasunik eskaintzen eta, ondorioz, ez da korridore humanitario bat", Babel Ukrainako albiste atariak jakitera eman duenez.
Azovstaletik zibilak ateratzeko korridore bat bermatzeko eskatu diote Kieveko buruzagiek Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiari, Ukrainako lehen ministrordeak gogorarazi duenez.
"Konkretuki, zutabe humanitarioan NBEko eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeko ordezkariak izatea eskatu genion", zehaztu du Vereshchukek. Guterresen eta Errusiaren arteko elkarrizketetan "eraginkortasuna" espero dute Kievekeko agintariek.
Mariupolen oraindik gotorturik dauden zibilak ebakuatzeko korridore humanitarioek porrot egin zuten iragan astean. Vladimir Putin Errusiako presidentearen helburu nagusietako bat da Mariupol, "operazio militar berezian" aurrera egiten jarraitzeko.
Herrialdeko portu nagusietako bat du Mariupol hiriak. Horrela, itsasorako irtenbidea moztu nahi dio Moskuk Ukrainari, eta Donetsk eta Luhansk herri errepublikak Krimeako penintsularekin bat egin.