Mundua -
Ukrainako gerra
AEBren diplomazialariak Ukrainara itzuliko dira asteon
Anthony Blinken AEBko Estatu idazkariak Kievera bisita egin eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin bildu ostean egin du iragarpena AEBko Gobernuak.
Agentziak | EITB MEDIA
Ameriketako Estatu Batuek (AEB) iragarri dutenez, diplomazialari estatubatuarrak asteon itzuliko dira Ukrainara, gerra hasi zenetik lehen aldiz. Anthony Blinken AEBko Estatu idazkariak Kievera bisita egin ostean egin du iragarpena AEBko Gobernuak.
Diplomazialariak Lvivera (herrialdearen mendebaldea) joango dira lehendabizi, iturri ofizialek AEBko hedabideei jakinarazi dietenez. Poloniako mugatik oso hurbil dagoen hiri horretan ez da ia bonbardaketarik egon, eta ehunka milaka ukrainar joan dira bertara, babes bila.
The New York Times egunkariaren arabera, AEBko Estatu Idazkaritzako eta Defentsako goi funtzionarioek egin dute iragarpena, kazetariekin egindako bilera informatibo batean.
Horien hitzetan, diplomazialariak asteon hasiko dira Ukrainako muga igarotzen, eta Kieveko enbaxada berriro zabaltzen saiatuko dira gerora.
The Washington Post egunkariaren hitzetan, Lvivera joatea Ukrainako hiriburuan enbaxada zabaltzeko lehen pausoa da. Nazioarteko diplomaziaren 17 ordezkaritza, gehienak Europako herrialdeetakoak, itzuli dira jada Kievera.
Iragarpena jakinarazi baino ordu batzuk lehenago, bilera egin dute Anthony Blinken AEBko Estatu idazkariak, Lloyd Austin Defentsa idazkariak eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, Kieven. Duela bi hilabete gerra hasi zenetik egindako goi mailako lehen hitzordua izan da.
AEBko bi ordezkariek baliabide militarrez hornitzeko 713 milioi dolarreko aparteko laguntza hitzeman diote Ukrainako presidenteari. Dirutza horrekin, aireko defentsarako punta-puntako sistemak eta NATOk erabili ohi dituen armak eskuratu ahalko ditu Ukrainak.