Mundua -
Ukrainako gerra
Eraso sorta batek tentsioa areagotu du Transnistrian
Transnistria 500.000 biztanle eskaseko lurraldea da. Herritar gehienak eslaviarrak dira. 90eko hamarkadan Moldaviatik bereizi eta errepublika aldarrikatu zuen gatazka armatu (1992-1993) baten ostean.
Agentziak | EiTB Media
Eraso sorta batek tentsioa areagotu du Transnistrian (RMT). Bertako biztanle gehienek errusieraz hitz egiten dute. Lurraldea eta Ukraina mugakideak dira.
"Eskura dugun informazioaren arabera, Transnistriako indarren erasoak dira, egoera desegonkortu eta gerra bat hasi nahi dutelako", esan zuen Maia Sandu Moldaviako presidenteak astelehenean.
Tiraspoletik, RMTko hiriburutik, ordea, Vadim Krasnoselski presidenteak Ukrainari egotzi dio erasoen erantzukizuna. Atentatuek ez dute orain arte biktimarik utzi.
"Ikerketen aurreneko ondorioen arabera, Ukraina izan da", idatzi zuen Krasnoselskik Telegramen.
Transnistriako Barne Ministerioak jakitera eman duenez, Kolbasnatik gertu tiroketa bat izan da asteazken honetan. Bertan garai sobietarreko armamentu eta munizio biltegi handi bat dago. Errusiako kontingente militar batek biltegia babesten du. Agintariek Kievi leporatu diote erasoa.
Transnistriak errepublika aldarrikatu zuen 90eko hamarkadan
Transnistria 500.000 biztanle eskaseko lurraldea da. Herritar gehienak eslaviarrak dira. 90eko hamarkadan, Errusiaren laguntzarekin, Moldaviatik bereizi eta errepublika aldarrikatu zuen gatazka armatu (1992-1993) baten ostean.
Gatazka amaitu zenetik, Dniester ibaiak bereizitako bi lurraldeen batasuna eskatu du Moldaviak, baina Transnistriako buruzagiak beti aurka agertu dira.
1992ko uztailean gatazkaren Konponbide Baketsurako Akordioa sinatu ondoren, Errusiak 2.400 soldadu zabaldu zituen zonaldean bakea bermatu eta Sobietar Batasuneko Armadaren armategi handi bat babesteko. Egun 20.000 tona arma eta munizio gordetzen dituela estimatzen da.
Errusiako tropek atzera egitea eta armategia desegitea eskatu du Moldaviak, baina Mosku beti aurka agertu da. Bere soldaduen presentzia legitimoa dela defendatzen du Errusiak. Zentzu horretan, Chisinauren eta Tiraspolen artean akordio politiko bat ematen denean soilik hitz egingo lukeela azaldu du Moskuk.
Errusiaren egitasmoa: Moskuk ustez Transnistriara arte korridore bat sortzeko asmoa du
Errusia eskualdeko egoera "arreta handiz" jarraitzen ari da, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak asteartean adierazi zuenez. "Zalantza barik, bertatik heltzen ari diren albisteek kezka sortu digute", erantsi zuen.
Iragan ostiralean Errusiako Armadako buruzagi batek onartu zuenez, Moskuk Donbassetik Krimeako penintsulara korridore bat sortzeko asmoa du Ukrainan, eta ondoren Ukrainako hegoaldetik Transnistriara arte zabaldu.
"Ukrainako hegoaldearen gaineko kontrola Transnistriara sartzeko bide bat da, non errusiar hiztunen diskriminazioa ematen da", adierazi zuen Rustam Minnekeyev jeneralak, Errusiako jarduneko komandanteak.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ziurtatu duenez, Errusiak Transnistria ezegonkortu nahi du, tropa gehiago eskualdean sartzeko aitzakia bezala erabiltzeko.
NATOk asteazken honetan ohartarazi duenez, baliteke Errusiak Transnistrian erasoak egin eta hirugarren bati erantzukizuna leporatzea. Moldavian izandako leherketekin "kezkatuta" agertu da aliantza militarreko bozeramaile bat.