Mundua -

Hauteskundeak Grezian

Kale egin dute Grezian gobernua lortzeko lehen negoziazioek

Antonis Samaras, botorik gehien lortu duen alderdiko buruak, gobernua eratzeko enkarguari uko egin dio. Hauteskundeek gobernaezin bihurtu dute Grezia.

Hautesleen zigorra jasoko dute Greziako bi alderdi nagusiek

01:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziako hauteskundeen alderdi irabazleak, Demokrazia Berriak (ND), negoziazioak hasi ditu astelehen honetan Gobernua osatzen saiatzeko, baina, aurreikusi bezala, kale egin dute. "Gobernua eratzeko ahal izan dugu guztia egin dugu, baina beste alderdiek ez dute onartu'', esan du Andonis Samaras ND alderdiko buruak. Negoziazioetan kale egin ondoren, gobernua eratzeko enkarguari uko egin dio Samarasek.

Misioa, ia ezinezkoa da, hauteslekuek mapa politiko kaotikoa marraztu baitute. Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) eta Europako Banku Zentralak (EBZ) inposatutako murrizketak babesten dituzten alderdi bakarrek (ND bera eta Pasok sozialista) ez dute lortu gehiengo osoa, eta gainerako alderdiek (tartean muturreko eskuindarrak eta muturreko ezkertiarrak) ez dute haiekin gobernatu nahi.

NDk eskuratu du garaipena, baina botoen % 18,88 baino ez lortuta (2009an % 33,4 izan zituen), eta Pasok hirugarren izan da, botoen % 13,2rekin (% 43,9 duela hiru urte).

Syrza muturreko ezkerreko koalizioak laukoiztu egin du azken hauteskundeetan lortutako babesa, eta bigarren indarra bihurtu da botoen % 16,76rekin.

Hori horrela, NDk 108 eserleku izango ditu (horietako 50 indar bozkatuena izateagatik), eta Pasokek 41. Hots, 300 diputatuetako 149 baino ez dituzte elkarrekin. Kopurua, beraz, ez da nahikoa bien arteko koalizioa errepikatu ahal izateko.

Antonis Samaras eta Evangelos Venizelos NDko eta Pasokeko buruek "batasun nazionaleko gobernua" osatzeko dei egin diete "alderdi europazaleei", batik bat Ezker Demokratikoari.

Alderdi hori zazpigarren bozkatuena izan da, 19 eserleku lortuta, eta erabakigarria izan liteke Gobernua osatu ahal izateko. Nolanahi ere, alderdi horren buruak, Fotis Kuvelis-ek, ohartarazi du ez duela babestuko bi alderdi handiak baino ez dituen balizko Gobernu bat, eta gainerako alderdiekin ituna lortzea ia ezinezkoa izango da, murrizketen aurka daudelako.

Muturretako alderdiek (komunistak eta naziak), gainera, Grezia Europar Batasunetik ateratzea nahi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea