Mundua -
zientzia
Txinak estazio meteorologiko bat jarriko du Everest gailurrean
8.000 metroko altitudearekin, munduko estazio meteorologiko automatiko altuena izango da.
agentziak | eitb media
Txinatar espedizio zientifiko batek Everestera bidaia egingo du, Nepal pareko mugan, gailurrean lehen estazio meteorologiko automatikoa instalatzeko.
Espedizioan zehar, zortzi estazio meteorologiko jarriko dituzte guztira, eta horietako lau 7.000 metrora egongo dira, itsas mailaren gainetik. 8.800 metroko altitudearekin (gailurrak 8.849 metro ditu), munduko estazio meteorologikorik altuena izango da arrakastaz ezarriz gero, Xinhua agentziaren arabera.
270 ikertzailek Qimghai-Tibet goi-lautadara egingo duten misio zientifikoaren parte da espedizioa. Besteak beste, mendebaldeko haizeen eta montzoien arteko sinergia, Asiako ur-dorreen aldaketa, ekosistemak eta aniztasuna, eta Qomolangma (hala esaten diote txinatarrek Everest mendiari) mendi inguruko giza jarduerak izango ditu ardatz.
Gainera, espedizio taldeak bestelako ikerketak ere egingo ditu; inguruneak jasandako aldaketei buruzkoak, berotegi efektuko gasen kontzentrazioaren aldaketei buruzkoak, ekosistemaren karbono-sarbegi funtzioei buruzkoak eta Qomolangma mendiko altitude handieneko inguruneetan giza egokitzapenari buruzkoak, berotze globalaren testuinguruan.
Espedizioak Qomolangma aldeko giro atmosferikoko eta kriosferako aldaketei buruzko datu zientifikoak lortzea du helburu, eta krisi klimatikoaren testuinguruan mendiko gune altuenetako giro aldaketaren legeak ezagutaraztea.
2017an abiatu zuten Qinghai-Tibet goi-lautadarako bigarren espedizio zientifikoa. Garrantzi handikoa da eskualdean garapen jasangarri baterantz aurrera egiteko eta mundu mailako ingurunearen babesa sustatzeko.