Mundua -
Prentsa askatasuna
Polarizazioaz eta "propaganda gerrez" ohartarazi dute Mugarik Gabeko Kazetariek
Erakundearen arabera, demokrazia liberalen barne zatiketek eta nazioarteko gatazkek prentsa askatasunari eragiten diote.
Mikel Dominguez | EITB Media
Mugarik Gabeko Kazetariek (RSF, frantseseko izenagatik) urteroko txostena kaleratu dute gaur, Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Egunean, eta ohartarazi dute mediatikoki polarizazioa handia dela estatuen barruan zein nazioartean.
Erakundeak uste du "kaos informatiboa" dela nagusi esparru mediatiko digital globalizatuaren ondorioz eta egoera horrek "informazio faltsuak eta propaganda" zabaltzea dakarrela.
Demokrazia liberalen kasuan, "Fox News estiloko" hedabideak sortu dira eta "sare sozialek bultzatuta, desinformazioa" orokortu da. Erakundearen ustez, barne zatiketak areagotu dira, estatuetako gizartea polarizatuta.
Nazioartean, testuinguru asimetriko bat deskribatu du RSFk: batetik, "gizarte irekiak" eta, bestetik, "euren hedabideak eta plataformak kontrolatzen dituzten erregimen despotak". Bi gizarte horien arteko "propaganda gerrek" demokrazia ahultzen dute, eta "tentsioak" areagotzen dituzte.
Hain justu, Errusiak Ukraina inbaditu izana polarizazio horren adibide "adierazgarria" dela iritzi dio erakundeak. Argudiatu duenez, "gerra propagandak" oso paper garrantzitsua izan zuen hastapenetan, bi aldeek gatazka piztea elkarri leporatzen ziotenean.
Txinako egoera apartekoa dela uste dute Mugarik Gabeko Kazetariek: "Bere armategi legegile guztia erabili du herritarrak konfinatzeko eta isolatzeko". India eta Pakistan herrialdeen arteko gatazkak eta "Israel eta Palestina eta herrialde arabiarren" liskarrek ere prentsa askatasunari eragiten diote.
Demokrazia liberalen arazoak hizpide, AEBn eta Frantzian dauden barne zatiketak aipatu ditu kazetarien elkarteak. Azaldu duenez, "sare sozialek eta iritzi komunikabide berriek tentsio sozial eta politikoen gorakada hauspotu dute. Demokrazia liberal batzuetan, bestalde, prentsa independenteari egiten zaion jazarpena muturreko polarizazioaren beste faktore bat da". Ingurumaria horretan, Polonia (bertan dute kartzelatuta Pablo Gonzalez euskal kazetaria) aipatu du RSFk
Mugarik Gabeko Kazetarien hitzetan, prentsa askatasuna "interes orokorraren izenean eta esku hartze politiko, ekonomiko, legal eta sozialak gorabehera, kazetariek, gizabanako zein giza talde bezala, informazioa aukeratu, ekoitzi eta zabaltzeko duten aukera eraginkorra da". Egiteko hori "inongo mehatxurik gabe" egin beharrekoa dela erantsi du elkarteak.
Irizpide horri jarraiki, 180 herrialderen zerrenda bat egin du RSFk, bakoitzari nota bat jarrita: "ona", berde kolorez, eta, "oso larria", gorriz.