Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Tropa errusiarrak Azovstal altzairutegian sartu direla ohartarazi du Ukrainak eta Errusiak erasoa ukatu du
Errusiak hiru eguneko su-etena iragarri du (ostegunetik larunbatera), Mariupolgo altzairutegian dauden zibilak korridore humanitarioetatik barrena irten daitezen.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ukrainako negoziatzaile den David Arajamiak azken orduetan jakinarazi duenez, Errusiako tropak Mariupol hiriko Azovstal altzairutegira sartu direla. Errusiak, ostera, ukatu egin du altzairutegiaren aurkako erasoa. Errusiak hiru eguneko su-etena iragarri du (ostegunetik larunbatera), altzairutegitik zibilak ateratzeko. "Errusiako tropak Azovstalen daude jada", esan du David Arajamiak Svoboda irratiak eta Unian albiste agentziak jakitera eman dutenez.
Kremlinenko bozeramaileak, berriz, adierazi du erasoa baino ingurua blokeatu duela.
Halaber, Errusiak hiru eguneko su-etena iragarri du Azovstal altzairutegiaren inguruetan, ostegunetik larunbatera, oraindik barruan gelditzen diren ehunka zibilak irten ahal izateko.
Korridore humanitarioak 08:00etatik 18:00etara zabalduko dituzte (07:00etatik 17:00etara Euskal Herrian), ostegunean, ostiralean eta larunbatean, Errusiako Defentsa Ministeriotik azaldu dutenez.
"Denbora tarte horretan, Errusiako Indar Armatuek eta Donetskeko Herri Errepublikako tropek bertan behera utziko dituzte" eta "unitateak distantzia seguru batera erretiratuko dira", gaineratu dute Ministeriotik.
Halaber, Azovstaleko instalazioetatik ateratzen diren zibilek Ukrainan geratu edo Errusiara joan erabaki ahal izango dutela azpimarratu dute Errusiako agintariek.