Mundua -

Ukraniako gerra

Ukrainako laboreak, gerrarako eta negoziaziorako arma

Potentzien arteko gerra Ukrainako portuetan ere borrokatzen da. Errusiak inbasioari ekin eta laster blokeatu egin zituen Itsaso Beltzeko portuak eta 20 milioi tona ale harrapatuta daude haietan. Errusiak zigorrak altxatzea eskatu du elikagaiak ateratzeko korridore humanitario bat irekitzearen truke.

Gruak, Ukrainako portu batean. PXhere.
Gruak, Ukrainako portu batean. PXhere.
Gruak, Ukrainako portu batean. PXhere.

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako Itsaso Beltzeko portuak blokeatuta egon dira Errusiak milaka tropa bidali zituenetik Ukrainara otsailaren 24an, eta 20 milioi tona ale baino gehiago herrialde osoko siloetan harrapatuta daude, baita portuetan ere, atera ezinda.

Ukrainak ziurtatu du Errusia alea lapurtzen ari dela, eta kamioietan Krimeako penintsula okupatura eramaten, handik Errusiara edo hirugarren herrialdeetara bidaltzeko gero, Siriara adibidez. Liudmyla Denisova Ukrainako herritarren defendatzailearen arabera, errusiarrak Azov itsasoko Mariupol portu okupatutik ere ari dira zereala ateratzen saiatzen, trenbidez. Horregatik, Kievek adierazi duenez, lehenbailehen hasi dira errusiarrak inguru horretako trenbidea konpontzen.

Errusiak eta Ukrainak gariaren, artoaren eta ekilore-olioaren munduko hornikuntzen herena esportatze dute, eta Ukrainako portuetatik aleak atera ezin hori mundu mailako elikagaien krisia eragiten ari da.

Errealitate horren aurrean, Errusiak dio prest dagoela korridore humanitario bat irekitzeko, elikagaiak garraiatzen dituzten ontziak Ukrainatik atera daitezen, hori bai, zigor batzuk kentzearen truke, Interfax albiste-agentziak Andrei Rudenko Errusiako Kanpo Harremanetarako ministrordea aipatuz argitaratu duenez.

"Elikadura-arazoari irtenbidea emateko, ikuspegi integrala behar da, Errusiako esportazioei eta finantza-transakzioei ezarri zaizkien zigorrak kentzea barne", adierazi du Rudenkok, balizko elikadura-krisiaren erantzukizuna Mendebaldeko potentzien bizkar utzita.

Errusiak eta Ukrainak Itsaso Beltzeko itsasertza minaz jostea elkarri leporatzen dioten arren, nork jarri dituen erabakitzea baino gehiago, gako izango da merkantzia kargatu eta garraiatu ahal izateko, portu-eremu horietako minak deuseztatzea. 

Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek asteartean Davosen bildutako Munduko Ekonomia Foroan esan zuen, Errusia gerra-arma gisa erabiltzen ari dela elikagaien hornikuntza, eta horrek eragin globalak dituela.

Mendebaldeko potentziak merkantzia, kamioien edo trenbide sarearen bidez, garraiatzeko bide alternatiboen bila ari dira, Poloniatik barrena, batez ere. Baina hori, oraingoz, oso zaila izango da, Ukrainako trenbide-sarearen zabalera eta Europako sarearen zabalera estandarra ez baitatoz bat. Gainera, gerra-jarduerak Ukrainako trenbide-sistemaren zati handi bat kaltetu du.

Ukraina elikagaien hornikuntzarako saski handi bat da maila globalean. Herrialdea ekilore-olioaren munduko esportatzaile handiena da, laugarren arto-esportatzailea eta bosgarren gari-esportatzailea.

Horregatik, mundu osoko liderrak kezkatuta agertu dira blokeo horrek eskasia sortuko ote duen, batez ere herrialde pobreenetan, eta horrekin batera mundu osoan gatazka berriak sortuko dituen ezegonkortasun politikoa.

Kontuan hartu beharreko beste faktore bat da, gerraren ondorioz, Ukrainako gariaren, artoaren eta ekilorearen azaleraren % 30 uzta bildu gabe geldituko dela neguan, edo erein gabe udaberrian.

Gainera, denbora aurrera doa, denen kalterako; izan ere, akordioak eta konponbideak laster iritsiko ez balira, dagoeneko gordeta dauden elikagaiak alferrik gal litezke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Eguneko albisteak Albisteak Elikadura krisia Errusia-Ukraina gerra