Mundua -

sexu abusuak

Hiru gizonen aurkako sexu erasoak egotzi dizkiote Erresuma Batuan Kevin Spacey aktoreari

Zenbait karguri aurre egin beharko die aktore estatubatuarrak, 2005eko martxoan eta 2013ko apirilean ustez gauzatutako sexu erasoengatik. Aurretik ere leporatu izan dizkiote gisa horretako delituak AEBn.

Kevin Spacey aktore estatubatuarra. Argazkia: EITB Media
Kevin Spacey aktore estatubatuarra. Argazkia: EITB Media
Hiru gizonezkoren kontrako lau sexu eraso egozten dizkiote Erresuma Batuan Kevin Spacey aktoreari

1:15

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Britainiar Fiskaltzak hiru gizonen aurkako lau sexu eraso leporatu dizkio ostegun honetan Kevin Spacey 62 urteko aktore estatubatuarrari. Ustez, 2005 eta 2013 artean gauzatu zituen eraso horiek, Erresuma Batuan.

Rosemary Ainslie fiskaltzako krimenerako dibisio bereziko zuzendariak adierazpen batean azaldu duenez, gainera, "pertsona bati haren onespenik gabe penetraziozko sexu jarduera batean parte hartu araztea ere egotzi diote".

Bi sexu eraso jasotzen dituzte karguek 2005eko martxoan, Londresen, 1 zenbakiko auzi-jartzaile deritzon gizon baten aurka. 2008an, berriz, hirugarren eraso bat egotzi diote 2 zenbakiko auzi-jartzailearen aurka, kasu honetan ere baimenik gabe penetraziozko jarduera batean parte arazteagatik.

Laugarren sexu erasoa, 3 zenbakiko auzi-jartzailearen aurkakoa, 2013ko apirilean gertatu zen ustez, Gloucestershire konderri ingelesean.

Ainsliek oharrean zehaztu duenez, Londresko Polizia Metropolitarraren ikerketa batean bildutako datuak berrikusi ostean leporatu dizkiote karguok.

"Koroaren Fiskaltza Zerbitzuak interesdun guztiei gogora ekartzen die Spaceyren aurkako prozesu penalak aktibo daudela eta bidezko epaiketa baterako eskubidea duela", adierazi du fiskalak, eta azpimarratu du auzitegi batek soilik erabakiko duela bere errugabetasuna edo erruduntasuna.

Aktore estatubatuarra Londresen bizi izan zen zenbait urtetan zehar, eta The Old Vic antzokiko zuzendari artistiko izan zen 2004 eta 2015 artean.

Londresko areto entzutetsu horretako arduradunek 2017an adierazi zutenez, Spaceyk sexu abusuak egin zizkiela baiesten zuten 20 pertsonaren kexak jaso zituzten. Gainera, aurretik ere leporatu izan dizkote gisa horretako delituak AEBn.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Aktoreak bideoak Erresuma Batua Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Londres Eraso sexualak gaur Jende ospetsua argazkiak