Mundua -
kolonbiako hauteskundeak
Ezkerra boterera irits liteke Kolonbian, historian lehen aldiz
Kolonbiak hautesontzietara joko du gaur, eta boto-asmoa neurtzen duten inkestek garaipen historikoa aurreikusi dute lehen aldiz ezkerrarentzat. Hala, Gustavo Petro hautagaia faborito gisa abiatuko da hauteskunde giro nahasiaren erdian.
i.l.k. | eitb media
Gaur, igandea, presidentetzarako hauteskundeak egingo ditu Kolonbiak. Aurrekari gisa, historian lehenbizikoz garaipena Gustavo Petro ezkerreko hautagaiari ematen dioten inkestak. Ia 40 milioi biztanle daude deituta hauteskunde historiko izan litezkeenetara.
Herrialdeko azken hamarkadetako hauteskunde kanpaina nahasiena izan denaren erdian, Petrok astelehen honetan salatu zuen Gobernuak bertan behera utzi nahi dituela igandeko hauteskundeak, bere balizko garaipena oztopatzeko.
Sare sozialen bitartez indartu zuen Petrok hauteskunde azpikeriaren teoria, Ivan Duque Kolonbiako presidenteari "gezurti" deituta, agintariak hauteskundeak aurreikuspenekin bat ospatuko direla berretsi ostean.
Egungo presidenteak, berriz, honakoa adierazi zuen: "Hemen inori ezin zaio burutik pasa hauteskundeak bertan behera geldituko direnik edo estatu-kolperik emango denik".
Kolonbiako Gobernuak aireko eta ibaiko mugako pasabideen itxialdia agindu du, maiatzaren 28tik, larunbata, astelehen goizeraino. Hala, igandeko presidentetzarako hauteskundeetan normaltasuna bermatzea da asmoa.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako 'Intergrupo por la Paz en Colombia' taldeak Bogotarako bidaia abiatu du ostiral honetan, Kolonbiako hauteskunde presidentzialen garapena jarraitzeko. Kolonbiako Hauteskunde Batzorde Nazionalak gonbidatuta, Hauteskunde Behaketarako Misioaren baitan integratuko da. Bozak eta zenbaketa behatzea du helburu, hauteskunde prozesuan zintzotasuna eta gardentasuna bermatzeko.
Polarizazioa, atsekabea eta erreformak
Datorren igandeko hauteskundeak irabaziko dituen hautagaiaren erronken artean dira hazkunde ekonomikoarekin jarraitzeko eta eskubideak irabazteko erreformak, aurrekaririk gabeko polarizazioa edo asebete gabeko eskaerek eragindako atsekabea.
Egoera hori, gainera, larriagotzen ari den erronka baten testuinguruan ematen ari da: indarkeriaren areagotzea eta hurrengo agintariaren hautatzeko beharra. Hala, talde armatuekin eta gerrillarekin negoziatzera eseritzea edo uneko Gobernua buru izan duen "bakea eta legezkotasuna" ikuspegiarekin jarraitzearen artean aukeratu beharko du.
Hain zuzen ere, Askapen Nazionalerako Armadarekin (ELN) negoziatzeko beharra da Kolonbiako presidentetzarako hautagaiak bat datozen puntuetako bat.
Horrekin batera, Kolonbiak bizi izan duen hazkunde ekonomikoa (BPGaren % 10,6koa 2021ean) mantentzeko presioa daukate, eta horren jarraipena bermatzeko zein herrialdeko inflazioaren kurba makurtzeko neurriak hartzeko ardura.