Mundua -

persiar golkoa

Iranek bi petrolio-ontzi greziar atzeman ditu Persiar golkoan

Era berean, Greziak irandar ontzi bat atzitu zuen asteazkenean. Teheranek ohartarazi zuenez, petrolioa zeraman, Estatu Batuek hala eskatuta.

Petrolio-ontziak, Persiar golkoan. Argazkia: EITB Media
Petrolio-ontziak, Persiar golkoan. Argazkia: EITB Media
Iranek bi petrolio-ontzi greziar harrapatu ditu Persiar golkoan

0:26

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irango Guardia Iraultzaileak bi petrolio-ontzi greziar atzeman ditu ostiral honetan Persiar golkoan, Greziak petrolioa zeraman ontzi irandar bat konfiskatu eta egun batzuetara.

"Guardia Iraultzailearen itsas armadak bi petrolio-ontzi greziar atzitu ditu, golkoko uretan egindako bortxaketak direla eta", jakinarazi du gorputz militarrak irandar hedabideek aipatutako ohar batean.

Era berean, Greziak kexa aurkeztu du Atenaseko irandar enbaxadorearen aurrean, "bahikuntza bortiz" gisa izendatutakoagatik. Ontziak "berehala" askatzeko eskatu du, eta Iranen jokabidea "pirateria" izan dela esan du.

'Delta Poseidon' eta 'Prudent Warrior' dute izena atzemandako ontziek, IRNA agentziaren arabera.

Nournews Irango Segurtasun Batzorde Gorenari lotutako hedabideak Teheranen "neurri zigortzaileak" iragarri eta zenbait ordutara izan da bahikuntza, Greziak berriki irandar ontzi bat konfiskatu izanagatik.

Greziar autoritateek irandar ontzi bat atzitu zuten asteazkenean. Iranen arabera, petrolioa zeraman, Estatu Batuek hala eskatuta. Teheranek ere "pirateriatzat" jo zuen hura.

Irango Kanpo Ministroak Suitzako enbaxadako jarduneko enbaxadorea (AEB ordezkatzen du Iranen) deitu zuen ostiral honetarako, "nazioarteko erregulazioak eta merkatu librea bortxatzeagatik protesta irmoa" helarazteko.

Gainera, Kanpo Ministroak ontzia berehala askatzeko eskatu zuen.

Persiar golkoa istilu ugariren agertoki izan da 2019ko maiatzetik, petrolio-ontziei eta zamaontziei egindako erasoak barne. AEBk irandar petrolioaren salmentari ezarritako zigorrak zirela eta, bi herrialdeen arteko tentsio gorakorren testuinguruan gertatu ziren horiek.

Azken gorabehera urrian izan zen: Oman itsasoan erregaia lapurtzeko irandar gordina zeraman petrolio-ontzi bat atzematen saiatu izana egotzi zion Iranek AEBri. Guardia Iraultzaileak galarazi zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo munduko albisteak Greziako albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Iran bideoak Petrolioa