Mundua -
UKRAINAKO GERRA
100 egunen ondoren, Errusiako Armadak Ukrainaren bosten bat kontrolatzen duela baieztatu du Zelenskik
Denbora horretan, Nazio Batuen Erakundeak emandako datuen arabera, 4.000 zibil baino gehiago hil dituzte. Gainera, Ukrainako presidentearen esanetan, 5 milioi herritarrek atzerrira ihes egin dute eta beste 12 milioi ukrainarrek, ostera, herrialdeko beste toki batera mugitu behar izan dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik 100 egun betetzen diren honetan, Volodimir Zelenskik adierazi du Errusiako Armadak Ukrainaren bosten bat kontrolatzen duela, hots, 125.000 kilometro karratu inguru. Horrela mintzatu da Ukrainako presidentea, bart Luxenburgoko Parlamentuan bideokonferentzia bidez egin duen hitzaldian.
Gerra frontea 1.000 kilometro baino gehiagoko eremuan hedatzen dela nabarmendu du presidente ukrainarrak. Orain arte, Zelenskiren arabera, tropa errusiarrek 3.260 herri inguru okupatu dituzte, eta horietatik 1.000 baino gehiago berreskuratu dituzte.
Guda guztietan gertatu ohi den bezala, biktima nagusiak zibilak dira. Nazio Batuen Erakundeak aste honetan bertan emandako datuen arabera, 4.074 zibil baino gehiago hil eta 4.826 zauritu dituzte otsailaren 24tik.
Bestalde, Ukrainako presidentearen esanetan, 5 milioi herritarrek atzerrira ihes egin dute. Gainera, erantsi du Ukraina barruan beste 12 milioi desplazatu daudela.