Mundua -

AEB

Ohioko irakasleek su-armak eraman ahal izango dituzte, gehienez jota 24 orduko formakuntza eginda

Orain arte, su-armak eraman nahi zituen irakasle batek 700 ordu baino gehiagoko formakuntza bete behar zuen. Ohioko Kongresuak onartutako araua aukerakoa da, hortaz, ikastetxe bakoitzak erabakiko du horri atxiki ala ez.

Su-armak salgai dituzten denda bateko irudia, AEBn. Argazkia: EITB Media
Su-armak salgai dituzten denda bateko irudia, AEBn. Argazkia: EITB Media
Su-armak salgai dituzten denda bateko irudia, AEBn. Argazkia: EITB Media

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gehienez jota 24 orduko formakuntzaren ostean, ikastetxeetan su-armak eramateko baimena eman diete Ohioko irakasleei, AEBetako estatu horretako Kongresuak onartu berri duen arauari esker. 99. Ganberako Legeak ez du zehazten formakuntza hori gutxienez zenbat ordutakoa izan behar den.

Alderdi Errepublikanoak du gehiengoa Ohioko Kongresuan, eta bertan adostutako arau hori hautazkoa izango da, beraz, ikastetxe bakoitzak erabakiko du horri atxiki ala ez, ABC telebista-kateak zabaldu duenez.

Su-armak eramateko 24 orduko formakuntza hori "balizko agertokietan edo entrenamendu ariketetan" oinarrituta egongo da, baina legeak ez du zehazten ariketa horietan benetako su-armak erabili ahal diren ala ez. Arma horietako erabiltzaileei aurrekariak berrikusiko zaizkie urtero.

Orain arte, su-armak eraman nahi zituen irakasle batek 700 ordu baino gehiagoko formakuntza bete behar zuen. Polizia-agente batek, esaterako, su-armaren inguruko 60 orduko formakuntza izaten du, horietatik 46 tiro-zelaian.

Legeak aldeko 54 boza errepublikano jaso ditu, aldeko 31 boza demokrata eta kontrako boto errepublikano bi. 12 kongresistek bozkatzeari uko egin diote.

Hainbat taldek salatu dute lege horrek ez duela ikastetxeak seguruago bihurtuko, hala nola, Amak Kontuen Eske taldeak, Neurrien Aldeko Amen Elkarteak, Ohioko Hezkuntza-Elkarteak edo Ohioko Anaiarteko Polizia-Elkarteak.  

Joan den maiatzaren 24an 19 ikasle eta bi andereño tiroz hil zituen 18 urteko gazte batek Uvaldeko ikastetxe batean, Texasen. Armen inguruko eztabaida piztu da berriro AEBn.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Delituak Eguneko albisteak Albisteak Umeak