Mundua -
Ukrainako Gerra
Mariupol, gosetearen eta krisi-humanitarioaren atarian
Apirila eta maiatza bitartean Donetsk eskualdeko hiriak jasandako setioaren ondoren, herritarrek bonbardaketen biktimen gorpuak ateratzen jarraitzen dute. Errealitate latz horri gosea eta arrisku epidemikoa gehitu behar zaizkio.
O.P. | EITB Media
Gutxienez 22.000 lagun hil ziren Mariupolen, Donetsk eskualdeko hiri nagusienetakoan, apirila eta maiatza bitartean jasandako setioan. Hala ziurtatu du errusiarrak sartzean hiria utzi zuen alkateak tokiko telebista batean, eta azaldu du egunean 70 eta 200 gorpu artean ateratzen dituztela.
Ukrainako agintarien arabera, hiriaren % 80 erabat suntsituta dago. Gerra hasi aurretik milioi erdi lagun bizi ziren hirian; gaur egun 100.000 inguruk eusten diote bertan, Kievek dioenez, "baldintza humanitario negargarrietan".
Gorpuak ateratzeko lanari, gosea gehitu behar zaio. Petro Andriushchenko alkatearen albokoak, astelehenean esan zuenez, "Metro merkatalgune zaharrean laguntza humanitarioa (elikagaiak, funtsean) lortzeko ilaratan, 1.500 eta 2.000 lagun egoten dira egunero; ez dago ur edangarririk, eta ez dago hura nondik lortu".
Garbitasun eta osasungarritasun baldintza eskasak, eta era guztietako baliabide faltak, gainera, gaixotasunak ugaritzen hastea ekarri du, eta agintariek ohartarazi dute kolera agerraldi bat etor daitekeela, maiatzetik ari baitira kasuak agertzen.
Erresuma Batuko Defentsa ministerioak aditzera eman du Mariupolgo osasun-zerbitzua kolapsatzeko zorian egon daitekeela jada, eta kolera-agerraldi batek, oso egoera latzean utziko lukeela. Beste hiri batzuetan, Khersonen, esaterako, sendagaiak agortzen ari zaizkiela ere ohartarazi dute.
Erresuma Batuak adierazi du Errusia saiatzen ari dela bere kontrolpean dauden lurraldeetan biztanleei oinarrizko zerbitzu publikoak ematen. "Edateko uraren eskuragarritasuna ez da egonkorra izan, eta telefonia eta Internet zerbitzuek etenaldi luzeak dituzte oraindik", esan du Twitterren.
Bien bitartean, borrokek Sieverodonetsken inguruan jarraitzen dute. Errusiak hiriaren zatirik handiena kontrolatzen du berriz ere, baina gutxi aurreratu dute iparraldetik eta hegoaldetik eremu zabalena inguratzeko ahaleginetan. Herri hori bereganatzeak Errusiari Donbass osoa kontrolatzea ahalbidetu liezaioke.